Mundua -

Mendebaldeko Sahara

40 urte Martxa Berdea egin zutenetik, 40 urte konponbiderik gabe

Independentziaren aldeko manifestazio oro eragozten du Marokoko Poliziak aspalditik, Amnistia Internazionala eta Human Rights Watch erakundeek behin eta berriro salatu dutenez.

Marokko banderek eta poliziek Aaiun hartu dute. Argazkia: EFE
Marokko banderek eta poliziek Aaiun hartu dute. Argazkia: EFE
Marokko banderek eta poliziek Aaiun hartu dute. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxa Berdea egin zutenetik 40 urte bete dira gaur, eta Aaiun Marokoko banderek eta poliziek hartu dute. “Barnealdeko independentistek” ez dute kalera ateratzeko asmorik ere, euren eskubideak aldarrikatzeko. “Ezinezkoa litzateke: indarren desoreka erabatekoa da”, azaldu dute ekintzaileek.

Mendebaldeko Saharak bizi duen “salbuespen egoera” etengabea gogorarazi du independentismoak.

NBEko misioak Saharan (Minurso) ez du giza eskubideak bermatzeko agindurik. Egoera bakarra da munduan. Eskumen hori ematearen aurka egin zuen Marokok, nahiz eta AEBk 2013an horretan saiatu. Azkenean, Rabat nagusitu zen.

Manifestazio eta protesta eskubideak urraketa ugari jasaten ditu alde horretan: independentziaren aldeko manifestazio oro eragozten du Marokoko Poliziak aspalditik, Amnistia Internazionala (AI) eta Human Rights Watch (HRW) erakundeek, besteak beste, behin eta berriro salatu dutenez.

Errepresioa

Nahiz eta Poliziak kaleak hartu, Saharako independentistak protesta egitera ausartzen direnean, errepresioak ez du inolako begirunerik, Mohamed Salem Cherkaui Giza Eskubideen Batzordeko arduradunak onartu duenez.

Giza Eskubideen Urraketen Biktimen Elkartea (ASVVDH) elkarte independentistak 54 preso politiko zenbatu ditu, baina ez dituzte inoiz iritziagatik zigortzen, “poliziei eraso egitea”, “ondasun publikoak suntsitzea” edo “agintedunari aurre egitea” egotzita baizik, Brahim Daham erakundeko idazkari nagusiak esan duenez.

Zigor batzuek iritzi delituak estaltzen dituztela onartu du Cherkauik, baina ukatu egin du “preso politikoak” izatea.

Gdaim Izik

Preso esanguratsuenen artean, Gdaim Izikeko kanpamentuan gertatutako istiluengatik 2013an zigortutako 21 pertsonak daude. Marokoko 11 polizia hil ziren liskarretan.

HRW, AI, ASVVDH eta ACAT (Acció dels Cristians per l'Abolició de la Tortura) elkarteek torturaren aurkako agiri bateratu bat igorri dute. 21 preso horiek tortura bidez lortutako aitorpenekin bakarrik, frogarik eta lekukorik gabe, zigortu zituztela salatu, eta horiei egotzitako krimenekin loturarik izatea ez dutela inoiz frogatu nabarmendu dute.

Batasun askatasunari dagokionez, ASVVDH elkarte independentista soilik legeztatu dute Marokoko agintariek. CODESA, Aminetu Haidarrek zuzentzen duen elkartea, legez kanpo dago oraindik, baliabide naturalak, ekologia edo emakumeen eskubideak defendatzen dituzten beste hainbat bezalaxe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea