Mundua -
Hpakant (Kachin estatua)
Luizi handi batek 104 hildako utzi ditu Myanmarreko meategi batean
Tragedia jade meatze batean gertatu da, Kachin estatuan, Birmaniako ipar-ekialdean. Meatzarien dozenaka etxola estali ditu luiziak.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 104 pertsona hil dira luizi handi baten ondorioz jade meatze batean, Kachin estatuan, Birmaniako (Myanmar) ipar-ekialdean. Meatzarien dozenaka etxola estali ditu luiziak, Democratic Voice of Burma atariak jakitera eman duenez.
Luizia goizaldean gertatu da Hpakanten. Gutxienez 80 metroko lur eta hondakin pila 70 borden gainean erori da, lekukoek bertako komunikabideei azaldu dietenez.
Antza denez, herritar batzuk hondakin eta harri-pilo bat arakatzen ari ziren jade piezen bila. Herritarrak askotan hurbiltzen dira, beharginek ikusi ez dituzten jade harriak aurkitzeko itxaropenarekin.
Buruzagien hitzetan, mendiak luizia eragin du, eta jade bila ari ziren herritarrak eta etxolatan lo zeuden dozenaka pertsona hil ditu.
Hpakant Rangunetik 1.100 kilometro baino gehiagora dago. Urrutiko barruti bat da eta mendialdean dago. Jade meategiak ugariak dira zonaldean.
Jadeita
Birmania jadeita, jade motarik baliotsuena, ekoizle nagusia da. Meatzeak Kachingo mendietan daude batez ere. 2011z geroztik Armada gutxiengo kachinaren gerrillarekin borrokan ari da zonaldean.
Bestalde, Global Witness gobernuz kanpoko erakundeak jade meatzarien lan baldintza penagarriak salatu zituen urrian. Meatokiak gerra-jauntxoen, narkotrafikatzaileen eta batzorde militar zaharreko jeneralen eskuetan daude sarritan.
Hondeatzaileak luiziaren biktimak bilatzen, Hpakanten (Myanmar). Argazkia: EFE
Harribitxi horien merkataritzak 31.000 bat milioi dolar (27.800 bat milioi euro) suposatzen dituela azpimarratu zuen gobernuz kanpoko erakundeak txosten batean, hain zuzen ere, Myanmarreko Barne Produktu Gordinaren erdia.
Hala ere, zenbateko ofizialak txikiagoak dira, jade trafikoaren inguruan iluntasuna nagusi delako. Legez kanpoko trafikoa Txinara bideratu dute batez ere, bertan oso harribitxi preziatua delako.
Meategietako langileen baldintzak oso gogorrak dira; batzuetan meta drogarekin egiten diote aurre nekeari. Hala, meatzariak sarri drogazale bihurtzen dira. Bien bitartean, kontrolik gabeko ustiapenak lurrak eta ibaiak kutsatzen ditu, Global Witnessen arabera.
Kachin tribuak
Merkatarien karabanek Myanmarreko iparraldean dauden mendikate babesgabe eta malkartsuak saihestu dituzte mendeetan zehar; izan ere, kachin tribuen gotorlekua dira. Aspaldi gerlari ankerrak eta buru-ehiztariak ziren kachinak.
Kachinek, wakek edo nagek bezalaxe, etsaiei lepoa mozten zieten eta buruak herrixketan ikusgai jartzen zituzten espiritu txarrak uxatzeko. XIX. mendean, Erresuma Batuaren kolonizazioarekin batera, ohitura laga zuten.
Egun Kachinen Independentzia Armada gerrilla handienetarikoa da, Birmanian, eta Myanmarreko gerra zibila munduko luzeenetarikoa da.