Mundua -
Arazoak Txinan
Beijing, bigarren alerta gorria kutsaduragatik
Urteko kutsadura boladarik okerrena izango dute Txinako iparraldean larunbatetik aurrera. Kutsatzaileen kontzentrazioak abenduaren 6ko eta 9ko markak gaindituko ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Aireko kutsaduragatik alerta gorria ezarri dute gaur berriro Beijingo agintariek. Hiriaren historian bigarren alerta gorria da. Asteburutik aurrera kutsadura handia espero dute.
Zerbitzu meteorologikoak ostegunean iragarri zuenez, urteko kutsadura boladarik okerrena izango dute Txinako iparraldean larunbatetik aurrera.
Iragarpenen arabera, kutsatzaileen kontzentrazioak abenduaren 6ko eta 9ko markak gaindituko ditu Txinako iparraldean. Pekinek aurreneko alerta gorria orduan ezarri zuela gogorarazi beharra dago.
Konkretuki, PM 2,5 partikula meheen (osasunerako kaltegarrienak) dentsitatea 500 mikrogramo metro kubiko baino handiagokoa izatea espero dute eskualde batzuetan, OMEk gomendatzen duen muga 25ekoa denean. Horrela, Beijingen ikuspena kilometro bat eskasekoa izatea iragarri dute.
Murrizketak eta debekuak
Hiriburuan, alerta gorriak zirkulazioari murrizketa handiak ezarriko dizkio (ibilgailu pribatuen erdia matrikulako azken zenbakiaren arabera ibiliko dira), eta su artifizialak eta barbakoak debekatu dituzte.
Gainera, kalean ez ibiltzeko gomendioa eman diete herritarrei. Haurtzaindegietako eta lehen eta bigarren hezkuntzako eskolak bertan behera geratuko dira.
Lehen alerta gorria abenduaren 7an ezarri zuen Pekinek, eta abenduaren 10era arte luzatu zen; izan ere, ordurako kutsadurak behera egin zuen fronte hotz baten haize-kolpeak bultzatuta.