Mundua -

ALEMANIA

Koloniako erasoetan 'Poliziak akats larriak' egin zituela onartu dute

Ipar Renania-Westfalia estatu federatuko Barne ministroaren iritzian, lehendabiziko erasoen berri izan bezain azkar zerbitzua indartu behar zuen Poliziak.

Colonia, Urtezahar egunean. EFE.
500 emakumek aurkeztu dute salaketa

1:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonian Urtezahar-egunean izandako eraso-oldearen aurrean Poliziak "akats larriak" egin zituen, eta eraso gehiago egotea ahalbidetu zuen, ez zituelako beharrezko neurriak garaiz hartu, Ralf Jaeger Ipar Renania-Westfalia estatu federatuko Barne ministroaren esanetan.

"Kolonian izandako erasoen aurrean Poliziaren jarrera ez da onargarria", esan zuen atzo Jaegerrek, eskualdeko parlamentuan egindako adierazpenetan.

Ministroaren iritzian, lehendabiziko erasoen berri izan bezain azkar, zerbitzua indartu behar zuen Poliziak. Bestalde, Poliziak gertakari horien inguruan zabaldutako informazioan izandako "hutsuneak" nabarmendu zituen, eta "gardentasunik eza" kritikatu zuen. Ildo horretan, "autokritika" eskatu zuen.

Dagoeneko, 600 salaketa Alemanian

600 salaketa jarri dituzte, dagoeneko, Alemanian, Urtezahar-egunean emakumeen kontra izandako eraso-oldearekin lotuta. Bertako Poliziak jakitera eman duenez, "antolatutako etorkin talde batek" egin zituen emakumeen kontrako sexu-erasoak, eta lapurretak ere egin zituen.

Kolonian izan ziren eraso gehienak, hiri horretan 516 salaketa jarri baitituzte; Hanburgon, 133 salaketa jaso dituzte, eta Frankfurten eta beste hainbat herritan ere izan ziren erasoak. Urtezahar-gauean izan ziren guztiak, ordu bertsuan.

Erasoon "ezaugarriak" eta, batez ere, toki ezberdinetan ordu berean izan zirela aintzat hartuta, Heiko Maas Alemaniako Justizia ministroak esan du "koordinatutako ekintzak" izan ziren susmoa dutela.

"Dagoeneko egin dituzte atxiloketak, eta gehiago egingo dituzte datozen egunotan", esan du Koloniako Poliziaren arduradunak. "Ikertzen jarraituko dugu, gertatu zena argitu arte", esan du.

Mila gizonek, modu koordinatuan, sexu-erasoak egin zizkieten dozenaka emakumeri Kolonia erdigunean (Alemania), Urtezahar-gaueko ospakizunetan.

Koloniako Poliziak jakinarazi duenez, gertakariak tren-geltokitik hurbil jazo ziren, eta erasotzaileak arabiarrak edo Afrika iparraldekoak zirela esan dute lekuko gehienek.

Erasotzaileak taldeka antolatu ziren emakumeei sexu-erasoak eta lapurretak egiteko.

Poliziak esan du ez dutela inoiz horrelako eraso-olderik izan, eta onartezina dela horrelako zerbait hiri handi batean gertatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Indarkeria matxista gaur Alemania argazkiak Eguneko albisteak