Mundua -
Alemania
Segurtasuna handitu dute Koloniako inauterietan, erasoei aurre egiteko
Henriette Reker alkateak aitortu du, agenteen kopurua bikoiztuko duten arren, ezinezkoa dela "erabateko segurtasuna" bermatzea.
agentziak | erredakzioa
2.000 poliziatik gora jarriko dituzte lanean Kolonian (Alemania) inauterietan, iaz halako bi, Urtezahar gauean izan ziren sexu-eraso, lapurreta eta indarkeria kasuak errepika ez daitezen.
Dozenaka emakumek sexu-gehiegikeriak eta lapurretak salatu zituzten urte amaierako jaian. Eraso horiek areagotu egin zituzten talde xenofoboen eta ultraeskuindarren kritikak Angela Merkelen Gobernuaren kontra, asilo eskariak egin dituzten errefuxiatuek egin zituztelakoan.
Juergen Mathies Koloniako Poliziaren arduradun berriak (urtezahar gauaren ostean dimisioa eman zuen poliziaburuak) ostegunetik aurrera 2.000 polizia kalean jarriko dituela hitzeman du, 2015eko inauterietako agente kopurua bikoiztuta. Era berean, eremu gehiago argiztatuko dituzte, eta segurtasun kamerak jarri dituzte.
Mathiesek ohartarazi du segurtasun indarrek gogor joko dutela indarkeria ororen aurka, eta arma faltsuekin ez mozorrotzeko aholkatu du.
Henriette Reker Koloniako alkateak, hala ere, aitortu du ezinezkoa dela "erabateko segurtasuna" bermatzea.