Mundua -
Hauteskundeak
Oposizioko koalizioak eserlekuen gehiengoa lortu du Iraken
Nuri al Maliki lehen ministroaren koalizioak 89 ordezkari lortu ditu Parlamentuan eta bigarren postuan geratu da, martxoaren 7an egindako hauteskundeen behin betiko emaitzen arabera.
Erredakzioa
Ayad Alawi Irakeko lehen ministro ohiaren oposizioko koalizioak eserleku gehien lortu ditu Parlamentuan, izan ere, 325 diputatuetatik 91 lortu ditu.
Bigarren postuan, Nuri al Maliki lehen ministroaren koalizioak 89 ordezkari lortu ditu, martxoaren 7ko hauteskundeetako behin betiko emaitzen arabera. Emaitzak gaur iragarri ditu Hauteskunde-batzordeak.
Irakeko Aliantza Nazionala (ANI) hirugarren geratu da. Talde politiko xiitek osatzen dute koalizioa eta 68 eserleku lortu ditu Ganberan. Bestalde, Kurdistango eskualde autonomoan gobernatzen duen koalizioak laugarren postua bereganatu du, 38 ordezkarikin.
Gorte Gorena
Behin-behineko datuak dira oraindik, Gorte Gorenak berretsi behar dituelako. Alderdi politikoek, gainera, hiru eguneko epea dute aurka-egiteko.
Datuen arabera, koalizioek ez dute behar adina eserleku bakarrik gobernatzeko, ondorioz, Gobernura heltzeko koalizio politikoak osatu beharko dituzte.
Datuak argitaratu baino lehen, Ad Melkert NBEko Misioaren buruzagiak hauteskundeak "sinesgarritzat" jo ditu eta emaitzak errespetatzeko eskatu die alderdiei.