Mundua -
Atentatuak Bruselan
32 dira Bruselako erasoetan hil zituzten lagunak
Bestalde, Bruselako Zaventem aireportua asteazken honetan ere itxita izango da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Belgikako agintariek baieztatu dutenez, Bruselako atentatuetan hildako lagunak 32 dira.
“Egiaztatze prozesu zorrotz bat egin ostean, hildakoen kopurua 32koa dela esan behar dugu”, adierazi du Maggie De Block Gizarte Gaietarako eta Osasun Publikoko ministroak.
Gainera, Bruselako Fiskaltzak jakinarazi du biktima guztiak identifikatu dituztela jada. 32 hildakoetatik, 17 belgikarrak dira eta gainerako 15ek beste herritartasun bat dute. Hildako lagunetatik lau ospitalean zendu zirela zehaztu dute.
Zauritutako pertsonei dagokionez, 90 oraindik Belgikako erietxe ezberdinetan daude; horietako 90, zainketa berezietako unitateetan.
Aurreko balantzearen arabera, hildakoak 35 ziren, bi erasoetan beren burua zartarazi zuten hiru ustezko jihadistak zenbatu gabe.
Aireportua, itxita
Bestalde, Bruselako Zaventem nazioarteko aireportua asteazken honetan ere itxita izango da.
“Aireportua itxita egongo da asteazkenean eta, beraz, ez da bidarientzako hegaldirik izango”, jakinarazi du aireportuaren kudeatzeaz arduratzen den enpresak Twitter bidez.
Arnaud Feist Bruselako aireportuko kontseilari delegatuak astelehenean aitortu zuen “hilabeteak” beharko dituztela normaltasunera itzultzeko. Irteeren gunea “osorik berreraiki beharko dugu”, erantsi zuen.
Bitartean, behin-behineko instalazio bat irekiko dute, baina egunero jaso ohi dituzten hegaldien % 20 soilik hartu ahal izango dituzte.
Gaur, simulazio bat egin dute 800 lagunen parte-hartzearekin, instalazio alternatibo horrek funtzionatzen duen konprobatzeko.
Aireportua berriro ireki ahal izateko Poliziaren, Defentsa Ministerioaren eta Airezko Garraioaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena ezinbestekoa da, segurtasuna bermatuta egotea baita helburu nagusia.