Mundua -
Thailandia
Hiru lagun hil eta 75 zauritu dira Bangkoken izandako leherketetan
Guztira bost leherketa izan dira eta horietako bat 'alkandora gorrien' eta mugimendu horren aurkakoen artean istiluak izaten diren tokitik gertu jazo da.
Erredakzioa
Gutxienez hiru lagun hil eta beste 75 zauritu dira, horien artean lau atzerritar, Bangkokeko finantza zentroan gaur jazo diren bost leherketetan. Erasoak granadekin izan dira. Manifestarien eta segurtasun indarren artean liskarrak izan dira.
Metroko geltoki batetik gertu jazo da leherketetako bat, Silom kalean, ''alkandora gorrien'' eta mugimendu horren aurkakoen artean istiluak izaten diren tokitik 500 bat metrora.
Atzerriko zaurituen eta hildakoen nortasunen berririk ez du eman Poliziak momentuz. Antza denez, atzerritarrak turistak dira, izan ere, gauean jendez gainezka izaten den zonan zirelako. Patpongo azoka txiki ospetsua bertan egiten da.
Granadekin egindako bost erasoak izua eragin dute eta ehunka lagunek ihes egin edo eraikuntzetako sarreretan babeslekua aurkitu dute.
Poliziaren arabera, granadak M-79 motakoak ziren eta metro geltokiaren kontra bota dituzte. Eztandaren ondorioz geltokiko sabaiak kalteak izan ditu.
Abisuak
Duela hilabete bat baino gehiago daramatzate manifestariek Parlamentua desegiteko eskatuz, eta Armadak Bangkoketik alde egiteko eskatu zien ostegunean, beharrezkoa izango balitz indarra erabiliz sakabanatzeko agindua zutelako.
''Alkandora gorriak'', Demokraziaren aldeko eta Diktaduraren aurkako Fronteko jarraitzaileak, sakabanatzeko segurtasun indarrek indarkeria erabili zuten azkenekoz apirilaren 10ean. Orduan 25 lagun hil eta beste 874 zauritu ziren, gehienak manifestariak.
50.000 soldadu eta polizia dira Bangkoken, Gobernuaren kontrako mobilizazioak hasi zirenetik martxoaren 14an.