Mundua -

Sumendi-errautsaren ondorioz

EAEko aireportuak 02:00ak arte itxita egongo dira

AENAren arabera, Donostiako eta Gasteizko aireportuetako hegaldiak normaltasun osoz lanean arituko dira goizeko lehen orduan. Guztira 20 dira Estatuan itxi dituzten aireportuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko aireportuak itxita mantenduko dituzte goizeko 02:00ak arte, sumendi-errautsaren garapenaren ondorioz. Guztira 20 aireportu itxi dituzte egunean zehar Estatuan eta haietatik hamar, EAEkoak barne, goizaldean irekiko dituzte.

AENAk iragarri duenez, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko aireportuetan normaltasunez lanean arituko dira goizeko lehenengo orduan.

Arratsaldeko 20:00etan Zaragoza, Valladolid eta Salamancako aireportuak ireki dituzte.

Islandiako Eyjafjalla sumendiko errauts hodeiaren ondorioz Santiago de Compostela, Vigo, A Coruña, Asturias, Santander, Burgos, Leon, Valladolid eta Salamancako aireportuak itxi behar izan dira. Bilbo, Donostia, Gasteiz, Zaragoza, Iruña eta Errioxako aireportuak 12:00etan itxi dituzte.

Euren ateak itxi dituzten azken lau aireportuak Kataluniakoak izan dira, tartean, Barcelona-El Prat, Sabadell, Girona eta Reus. Soilik Bartzelonako El Prat aireportuan 28.000 lagun izan daitezke kaltetuak. AENAko aireportu-sare barnean ez dagoen arren, Lleidako aireportua ere itxita dago.

Aire-trafikoa kontrolatzeko Europako agentziak (Eurocontrol) AENAri (Espainiako Aireportuak eta Aire-Nabigazioa) adierazi dionez, errauts hodeia 02:00etan sartu da Espainiako aireko espazioan.

Hegaldiak euskal aireportuetan

Bilboko aireportuan 90 hegaldi programatuta zeuden gaurko egunerako, horietatik 14 hegaldi normaltasunez irten dira eta 60 hegaldi bertan behera geratu dira. Hondarribian 12 hegazkin aireratzea aurrikusita zegoen, momentuz lau hegaldi irten dira eta ez da bertan behera geratu den hegaldirik.

Iturri berdinen arabera, Gasteizeko aireportuan programatutako bost hegaldien artean bat normaltasunez irten da eta ez da bertan behera geratu den hegaldirik. Iruñean ere ez da egon momentuz bertan behera geratu den hegaldirik. Izan ere 11 hegaldi programatuta zeuden gaurko egunerako eta dagoeneko bi normaltasunez irten dira.

Tren zerbitzu berezia

Renfek zerbitzu berezia martxan jarri du 16 aireportu itxi ostean. Madriletik eta Asturias, Bilbo eta Kantabriara joango diren tren bereziak jarri ditu. Horretaz gain, Valladolid eta Santander arteko eta Madril eta Leon arteko zerbitzuak ere indartuko ditu Renfek, agiri baten bidez adierazi duenez.

1.114 hegalditik, 606 bertan behera

Itxita dauden 20 aireportutatik 1.114 hegaldi irtetea aurrikusten zen arren, horietako 606 bertan behera geratu direla adierazi du AENAk.

Egoera honen aurrean, aireportuetara joan aurretik aire-konpainiekin harremanetan jartzea gomendatu du AENAk, bertan behera geratutako edota atzeratutako hegaldien inguruan informazioa jasotzeko. Horretaz gain, bezeroen eskura informazio telefono bat -- 902 404 704 -- dagoela gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea