Mundua -

Gobernu berria Erresuma Batuan

David Cameron eta Nick Clegg, elkarrekin Downing Streeten

Gobernu arduratsua agindu du Cameronek, eta koalizioko gobernuak "agenda bateratua" izango duela esan du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bart iragarritako akordio historikoaren ondoren, David Cameron lehen ministro kontserbadoreak eta Nick Clegg lehen ministrorde liberal-demokratak lehen agerraldia egin dute Downing Streeten.

David Cameron Erresuma batuko lehen ministroaren hitzetan, gidaritza egonkorra lortzearren, Gobernu berriak hiru oinarri izango ditu: "Askatasuna, justizia eta erantzukizuna".

Cameronek eta Cleggek beraien lehen agerraldia egin dute Downing Streeteko 10.enean; bertan, koalizio gobernuak "agenda bateratua" izango duela esan du Cameronek.

"Gobernu berria ezik, politika berria daukagu, eta nazioaren interesa alderdiaren interesen gainetik egongo da", esan du Cameronek.

Alderdi bien artean ezberdintasunak izan arren, Gobernu berria "iraunkorra" izango dela uste du lehen ministrorde liberal-demokratak; izan ere, Gobernu "egonkorra" lortu nahi dute.

Gobernuburuaren bizileku eta bulego ofizialaren atarian elkartu dira, atzo Erresuma Batuan azken 70 urteotan izan den lehen koalizioa osatzeko akordioa sinatu ostean. Clegg 09:30 inguruan heldu da Downing Streetera eta ordurako Cameron zain zeukan. Atarian argazki historikoa atera ondoren, Gobernu berriaren osaketa prestatzeko bildu dira. Azken egunetan negoziazio luze eta gogorretan hartu dute parte, izan ere, joan den maiatzaren 6ko hauteskundeetan kontserbadoreek ez zuten Gobernua bakarrik osatzeko gehiengoa lortu (326 eserleku behar zituzten eta 306 eskuratu zituzten). Cameronek bart hartu du bere gain Gobernu berriko buruzagi kargua, Gordon Brown laboristak dimisioa aurkeztu eta Isabel II.ena erreginak Administrazio berria osatzeko gonbita luzatu eta gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea