Mundua -
Turkian
Estatu-kolpe saiakeragatik atxilotutako 820 soldadu aske utzi dituzte
Guztira, 10.000 bat lagun daude oraindik ere prebentziozko kartzelaldian, Estatu-kolpe saiakerarekin lotura dutelakoan: horien artean, 5.000 baino gehiago militarrak dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Uztailaren 15eko Estatu-kolpean ustez parte hartzea leporatuta atxilotutako 758 soldadu eta 62 kadete aske utzi dituzte larunbat honetan Turkiako epaitegiek, Habertürk kazetak zabaldu duenez. Istanbulen izandako matxinadan ustez parte hartzeagatik atxilotu zituzten militar horiek.
Bosforo itsasoa zeharkatzen duen zubietako bat blokeatu zuten 989 militar guztira atxilotu zituzten. Estatu-kolpe saiakeraren gau hartan zibilen aurkako tiroketak izan ziren, eta hildako ugari izan ziren.
Bien bitartean, prebentziozko espetxeratzean jarraitzen dute 1.531 militarrek, horien artean 231 soldadu xehe eta 16 jeneral eta almirante, Istanbulgo hiru puntutan zibilen aurka izandako tiroketengatik.
Guztira, 10.000 bat lagun daude oraindik ere prebentziozko kartzelaldian, Estatu-kolpe saiakerarekin lotura dutelakoan: horien artean, 5.000 baino gehiago militarrak dira (151 jeneral edo almirante, maila desberdineko 3.000 ofizial, 1.000 bat soldadu xehe eta 700 kadete inguru).
Gainera, prebentziozko espetxealdia ezarri diete ere 1.348 epaileei, 737 fiskaleei eta 1.000 poliziei. Horrekin batera, milaka lagun daude atxilotuta, epailearen aurrera noiz eramango dituzten zain.