Mundua -
Gatazka
AEBek laguntza eskaini diote Seuli Ipar Koreari erantzuteko
Hillary Clinton Estatu idazkari estatubatuarrak esan du Hego Korearekin lan egingo dutela NBEren Segurtasun Kontseiluan Pyongyang zigortzeko.
Erredakzioa
Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak gaur adierazi duenez, ABEek Hego Korearekin "batera" egingo dute lan Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan Ipar Koreari erantzuteko.
Yu Myung-hwan Hego Koreako Atzerri ministroarekin batera AEBetako diplomaziaren buruak eman duen prentsaurrekoan azaldu duenez, Cheonan itsasontzi hegokorearra hondoreatzea eta bertan zihoazen 46 lagunak hiltzea Ipar Korearen "probokazio onartezina" izan zen, eta ezin da "ez ikusiarena egin".
"Bizilagunen kontrako probokazioak eta mehatxuak gelditzeko eskatzen diogu Ipar Koreari, eta desnuklearizazio neurriak bete ditzala", esan du Clintonek, Cheonan-en hondoratzea Pyongyangek eragin zuela dioen nazioarteko ikerketa bat badagoela azpimarratu aurretik.
"Nazioarteko komunitateak erantzuteko ardura eta betebeharra du", Hillary Clintonen esanetan. Era berean, Lee Myung-bak Hego Koreako presidenteak iragarritako neurri "zuhur eta erabat egokiekin" bat egiten duela eta AEBen "babes osoa" duela adierazi du.
Leek, Clintonekin Seulen bildu ostean, Cheonan-en kasua NBEren Segurtasun Kontseilura eramateko beharra azpimarratu du eta merkataritza harremanak eten ditu Ipar Korearekin, azken horrek Hego Korearekin egin duen moduan.