Mundua -
ALEMANIAN
Ustezko jihadista bat atxilotu dute Parisko atentatuekin lotuta
Alemanian atxilotu zuten 24 urteko gizonezkoa, atzo. Estatu Islamikoaren kide izatea eta Parisko atentatuak egin zituen taldeko kide izatea egozten diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
24 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, atzo arratsaldean, Alemanian, Parisko atentatuekin zerikusia duelakoan. Jatorri marokoarra du atxilotuak, eta 2015eko azaroan Parisen izan ziren atentatuak egin zituen taldeko kide izatea leporatzen diote. 130 pertsona hil ziren eraso haietan. Alemaniako Fiskaltza Nagusiak eman du atxiloketaren berri, gaur, agiri baten bidez.
Saxonia Behea estatuan egin zen polizia operazioan hartu zuten preso ustezko jihadista, Alemaniako Auzitegi Gorenak aginduta. Ondoren, atxilotuaren etxebizitza miatu zuten.
Auziko epaile instruktoreak gaur hartu dio deklarazioa gizonezkoari, eta behin behinean espetxeratzeko agindua eman du.
2014 eta 2015 artean Estatu Islamikoaren kide izatea eta Parisko atentatuetan parte hartzea egotzi dio epaileak. Fiskaltzaren arabera, Abdelhamid Abaaoud Parisko atentatuak egin zituen taldeko buruaren aginduetara aritu zen atzo atxilotutako gizonezkoa. Bere egitekoa, antza, erasotzaileek erabili zituzten etxebizitzak topatzea izan zen, Turkian eta Grezian. Etxe horietan prestatu zituzten atentatuak, Fiskaltzaren arabera.
2015ean iritsi zen Alemaniara, eta EIrekin harreman zuzena izan duela uste dute ikertzaileek.