Mundua -
Gatazka Sirian
Errusiak ez ditu sinesgarri ikusten Siria erasotzeko AEBren arrazoiak
Errusiaren ustez, ez da posible nazioarteko komunitatea NBEn bat etortzea Sirian arma kimikoak erabiltzerari buruzko ebazpen bat adostu ahal izatea.
Agentziak | Erredakzioa
Sergei Lavrov Errusiako Kanpo Arazoetarako ministroak salatu du Sirian egindako erasoa justifikatzeko AEBk erabilitako arrazoiak ez direla “oso fidagarriak, ezta sinesgarriak ere”.
Ostiralean, AEBko itsas armadak 59 misil jaurti zituen Shairateko hegeazkin-basean, asteartean Jan Sheiunen izandako eraso kimikoaren errepresalian. Gutxienez 74 pertsona hil ziren.
“Legez kanpoko jarduera armatua babesteko, bereziki apirilaren 4ko eraso kimikoaren ostean, AEBk adierazitako arrazoiak ez dira oso fidagarriak, ezta sinesgarriak ere”, adierazi du Lavrovek.
Halaber, Errusiaren ustez, ez da posible nazioarteko komunitatea NBEn ebazpen batean bat etortzea Sirian arma kimikoak erabiltzerari buruz. “Ebazpen-proiektuaren etorkizuna gertaerek oztopatu dutela esango nuke. Zaila da testua adosteko gai izango garela sinestea”, esan du Guennadi Gatilos Atzerriko Arazoetako Errusiako ministroordeak.
Erresuma Batuak bisita bertan behera utzi du
Bestalde, Boris Johnson Britainia Handiko Atzerriko Arazoetako ministroak iragarri du ez duela Mosku bisitatuko, datorren astelehenean, Errusia Bachar al Asaden erregimenari egiten ari zaion defentsa “deitoratu” egiten duelako, Sirian arma kimikoekin egindako erasoa dela eta.
Ohar batean, Johnsonek nabarmendu duenez, “Sirian izandako gertaerak egoera funtsean aldatu dute”.
Iragarpen honen ostean, Errusiak “zentzugabetzat” jo du bisita bertan behera uztea.
Ipar Koreak “barkaezintzat” jo du AEBren erasoa
Testuinguru honetan, Ipar Koreak esan du AEBk milez egindako erasoak “barkatu ezin diren ekintzak” direla. Arma nuklearrak garatzeko erabakia “aukeraketa zuzena” dela erakusten dute, eta horren alde apustu egingo lukeela “milioi bat aldiz gehiagotan”.