Mundua -
Afganistan
'Bonba guztien ama'ren jaurtiketako irudiak zabaldu ditu Pentagonoak
Bideoan ke lainoa eta hondakinak ikus daitezke. Leherketaren ostean, uhin hedakor handia garatu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pentagonoak GBU-43 Massive Ordnance Air Blast (MOAB) bonba —bonba ez nuklear handiena— jaurti duen uneko bideoa zabaldu du. Afganistanen jaurti zuten atzo, Nangarhar probintzian, Estatu Islamikoaren kontrako eraso batean.
Zabaldutako bideoan "bonba guztien ama"k Aching barrutiko mendi baten hegalean jo zuen unea ikusten da. Lehergailuak 10 tona ditu eta kobazuloak eta lurrazpiko tunelak suntsitzeko diseinatu zuten.
Leherketaren ondoren ke lainoa eta hondakinak ikus daitezke. Halaber, uhin hedakor handia garatu da.
Hildako kopurua
Bestalde, bonba bortitzak eragindako hildako kopuruari buruzko informazioa nahasia da.
Goizean, Afganistango Defentsa Ministerioak esan du bonbardaketan Estatu Islamikoaren 36 kide hil zirela eta erakunde horren instalazio garrantzitsu bat suntsitu zela.
Ordu batzuk geroago, Nangarhar probintziako Gobernuak adierazi du hildakoak 92 direla.
Estatu Islamikoak, berriz, ukatu egin du erasoan bere kiderik hil denik.
John Nicholson Afganistanen dagoen AEBko Armadaren jeneralak azpimarratu du bonbardaketan ez dela biktima zibilik izan eta hildako guztiak Estatu Islamikoko kideak direla.