Mundua -
Diru-laguntzak
AEBek 60 milioi dolar bidaliko dituzte Pakistanera
Eskatutako diru-laguntzaren ia % 50 lortu dutela adierazi du NBEk. Espainiak 5,8 milioi euroko diru-launtza emango dio Pakistani.
Erredakzioa
Hilary Clinton AEBetako Estatu idazkariak jakinarazi duenez, 60 milioi euro gehiagoko diru-laguntza emango diote Pakistani uholdeen eraginez izandako kaltetuei laguntzeko.
NBEk New Yorken egindako Batzar Nagusi batean iragarri du berria Clintonek; azaldutakoaren arabera, AEBek jada emandako 90 milioi dolarrei gehituko zaizkio beste 60 milioiak laguntza eta erreskate lanetan aritzeko.
Era beran, Pakistan laguntzeko fondo bat eratu dutela jakinarazi du eta AEBetako enpresei eta hiritarrei dirua emateko gonbitea egin die.
Bestalde, Espainiako Gobernuak 3,6 milioitik 5,8ra igo du Pakistani emango dion larrialdirako diru-laguntza herriak jasandako uholde bortitzen ostean. 1.500 hildako eta milioika kaltetu izan dira uholde horien ostean.
Soraya Rodriguez Nazioarteko Kooperazioko Espainiako idazkariak azaldu duenez, Munduko Elikagaien Programari, Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsari (UNICEF) eta Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziari emango diete diru-laguntza hori. Gauzak horrela, Espainia larrialdiko laguntza gehien eman duen "zazpigarren emailea" da.
NBEk 460 milioi dolar eskatu zituen Pakistaneko uholdeen biktimentzako, baina egoeraren larritasunagatik diru-laguntza hori "zaharkitu" dela iritzi du Daniel Toolek, Unicefeko Asia Hegoaldeko arduradunak.
Bestalde, Pakistaneko Gobernuak kaltetuentzako laguntza kudeatzeko erakunde independente bat eratuko duen berri eman du.