Mundua -
Erresuma Batua
Dagoeneko 79 dira Londresko sutean hildakoak, balantze ofizialaren arabera
79 pertsona horietatik bost dagoeneko 'formalki identifikatu' dituzte. Hildakoak gehiago izan daitezkeela jakinarazi du Londresko Poliziak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Londresko Poliziak gaur baieztatu duenez, dagoeneko 79 dira Grenfell dorreko sutearen ondorioz "hil edo falta diren pertsonak". Hala ere, desagertutakoak, ustez, hilda daudela gaineratu du.
Hedabideen aurrean egindako agerraldian Stuart Cundy Londresko Poliziaren bozeramaileak azpimarratu duenez, hildakoak gehiago izan daitezke. Halaber, 79 horietatik "bost formalki identifikatu" dituzte.
Poliziako goi-agintariak aitortu duenez, "zaila da suak Grenfell dorrean eragindako hondamena deskribatzea". Lancaster Western auzoan dagoen 24 solairuko eraikinean 500 lagun inguru bizi ziren.
Bien bitartean, operazioa abiatu dute gorpu gehiago aurkitzeko. Poliziak azpimarratu duenez, hildako guztiak "identifikatzea" da "lehentasuna".
Cundyren esanetan, suak eraikinaren hainbat gunetan eragindako suntsiketaren ondorioz, litekeena da hildako guztiak ezin identifikatzea.
Desagertuen zerrendan zeuden bost pertsona "onik" aurkitu dituzte, Cundyren arabera. Hori dela eta, Poliziari jakinarazteko deia egin die eraikinetik irtetea lortu zutenei.
Bestalde, NHS osasun zerbitzu publikoak egindako azken balantze ofizialaren arabera, 17 zaurituk ospitaleratuta jarraitzen dute, eta horietatik 9 "egoera kritikoan" daude.