Mundua -
Istilua, Saharan
Marokok 'behar diren azalpenak emango dizkio Espainiako Gobernuari'
Marokoko Gobernuko bozeramaileak ukatu egin du ekintzaileak jipoitu dituztela: "Polizia tartean sartu zen manifestari espainiarrak herritarren haserretik babesteko".
Erredakzioa
Marokok "beharrezkoak diren azalpenak emango dizkio Espainiako Gobernuari", esan du Jalid Naciri Gobernuko bozeramaileak, eta gertatutakoa ekintzaileen "probokazioa" izan zela gaineratu du.
"Azalpenak eskatzen badizkigute, eman egingo ditugu; izan ere, herri arduratsua gara", esan dio Nacirik Efe albiste-agentziari. Horren harira, Sahararen aldeko gobernuz kanpoko erakundeei honako galdera egin die: "Zein izango litzateke beraien iritzia Marokoko taldeek Espainian sartuko balira Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko?".
Shanghain (Txina) Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Miguel Angel Moratinos Atzerri ministroari "beharrezko" azalpenak eskatzeko agindu ostean heldu da Marokoko Gobernuaren erantzuna. 14 ekintzaileetatik 11 atxilotu zituzten, eta "kaleko jantzita zeuden poliziek" kolpatu zituztela salatu dute. Behin Espainian, osasun zentroetara joan dira eta Marokoko Polizia salatuko dute parte mediko horrekin.
Carmen Roger SaharAcciones erakundeko ekintzailea ere kolpatu zuten. Horren hitzetan, "erasotzaileak kalez jantzita zihoazen poliziak izan ziren; geroago polizia-etxean ikusi genituen, horregatik dakigu, ez inork esan zigulako".