Mundua -
Zauritu bat izan da
Petrolio-plataforma batek eztanda egin du Mexikoko Golkoan
Apirilean hondoratu zen BPren plataformatik gertu dago. Eztanda egin zuenean, bertan zeuden 13 langileek uretara salto egin zuten. Oraingoz, ez dago isuririk.
Erredakzioa
Mexikoko Golkoan, Louisianako kostaldearen parean dagoen beste petrolio-plataforma batek eztanda egin zuen atzo. Bertan lanean zeuden langile guztiek ihes egitea lortu zuten, uretara salto eginez eta onik daude (bat, zaurituta), Ameriketako Estatu Batuetako kostazainaren arabera.
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) agintarien eta Mariner Energy konpainiaren (plataformaren jabea) esanetan, oraingoz ez dago isuririk, hasieran enpresak 30 metroko zabalera eta 1.600 metroko luzera duen orban baten berri zabaldu bazuen ere.
Gertakaria Vermilion 380 plataforman izan da, Vermilion badiatik 148 kilometro hegoaldera. Kostazainek CNN kateari esan diotenez, Mariner Energy enpresaren plataforman 13 lagun ari ziren lanean eztanda gertatu zenenean.
Zauritu zen langile bakarra Louisianako Terrebonne Parish eskualdeko ospitale batera eraman zuten. Gainerako langileak bigarren plataforma batera eraman dituzte salbamendu-taldeek.
Bill Colclough kostazainak azaldu duenez, ikerketa hasi dute eztanda zerk eragin zuen argitzeko. Helikopteroak, hegazkinak eta itsasontziak joan dira istripua izan den tokira.
Colcloughen esanetan, plataforma ez da "inolako gairik" isurtzen ari, baina azterketa abiatu dute "kutsadura arriskurik" dagoen zehazteko.
Apirilaren 20an, BP konpainia britainiarraren petrolio-plataforma bat sutan hasi zen Mexikoko Golkoan. Eztandaren ondorioz, hamaika langile hil ziren, eta plataforma, bi egun geroago, hondoratu egin zen.