Mundua -

Brasil

Ustelkeriagatik epaitzea saihestu du Temer presidenteak

Oposizioak ez ditu epaiketa abiatzeko behar zituen 342 botoak bildu.

Temer, bozketaren ondotik egindako agerraldi laburrean. EFE
Michel Temer. EFE
Brasilgo Auzitegi Gorenak ez du Temer presidentea epaituko

1:16

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Michel Temer Brasilgo presidentea ez dute ustelkeriagatik epaituko, oraingoz ez behintzat. Oposizioak ez du epaiketa abiatzeko behar zituen 342 botoak bildu (Ganberaren bi heren), eta Temerren alderdia nagusitu da bozketan (263 boto alde eta 227 kontra).

Brasilgo Konstituzioaren arabera, Diputatuen Ganberak baimendu behar du gobernuburu baten kontrako auzibidea abiatzea, baina gehiengo kualifikatua behar du horretarako.

"Diputatuen Ganberak Brasilgo herria ordezkatzen du, eta argi mintzatu da gaur", adierazi du Temerrek bozketaren ondoren egindako agerraldi labur batean.

Temerren aburuz, "Parlamentuaren erabakia ez da garaipen pertsonal bat. Konstituzioaren, erakundeen indarraren eta zuzenbide estatu demokratiko baten garaipena da".

Bozketa izan baino lehen Ganberan egindako eztabaidan, arrazoi ekonomikoak aipatu dituzte Temer epaitzearen kontra azaldu diren diputatuak. Horien ustez, beharrezkoa da horrek agintean jarraitzea Brasilgo susperraldi ekonomikoa egonkortzeko.

Inkestetan, behera

Temerrek arnasa hartu du emaitza horrekin. Dena den, herritarren artean duen babesa gero eta txikiagoa da. Azken inkesten arabera, herritarren % 5 daude haren alde, eta % 81k uste dute ustelkeriagatik epaitu behar dutela.

TEMER MANIFESTAZIOAK BRASIL EFE

TEMER MANIFESTAZIOAK BRASIL EFE

Temerren kontrako manifestazioak izan dira Ganberaren aurrean. EFE

Orain ez dute egingo, baina baliteke agintaldia amaitutakoan epaitzea Temer. 2018ko urrian egingo dituzte hauteskundeak Brasilen, eta 2019ko urtarrilaren 1ean utzi beharko du kargua.

Eroskeriagatik eta ustelkeriagatik epaitzea eskatu zuen Fiskaltzak. JBS enpresako buruzagien testigantzak eta Temerri egindako grabazioak daude salaketaren oinarrian. Enpresaburuek aitortu dutenez, ordainketak egin dizkiote Temerri zazpi urtez "mesede politikoen truke". Epe horretan, presidenteorde eta gobernuburu izan da Temer. Fiskaltzak ikertzen jarraitzen du, justiziaren lana oztopatzeagatik eta zilegi ez den elkartea osatzeagatik.

Temer 2016ko maiatzetik da Brasilgo presidente, Diputatuen Ganberak Dilma Rousseff kargugabetu zuenetik, hain justu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Gaurko azken orduko albistea Brasil