Mundua -
Kartzelan
Liu Xiaobo Bakearen Nobel sariduna bere emaztearekin bildu da
Saria eman diotela jakitean "malkoak isuri ditu" eta Nobela "Tiananmengo plazako martirei" eskaini die.
Erredakzioa
Liu Xia Txinarentzat demokrazia eskatzeagatik 11 urteko espetxe-zigorra betetzen ari den Bakearen Nobel saridunaren emaztea berarekin bildu da goizean, senideek eta bertako hainbat hedabidek zabaldu dutenez.
Xia Beijingetik Liaoning ondoko probintziara joan da 54 urteko Liu Xiaobi Nobel saridunarekin egotera, eta saria irabazi duela jakinaraztera; Xiak arratsaldean bertan hartuko du Beijinerako bidea, Liu Xiaren amaren esanetan.
Liu Xiaoxuan saria jaso duen txinatarraren anaia baieztatu egin die senideei bikotea gaur, igandea, goizean bildu dela, Ziyou Shibao (The Liberty Times) egunkariak plazaratu duenez.
Hala ere, Mo Shaoping eta Pu Zhiqiang saridunaren abokatuen arabera, oraindik ezin dute baieztatu senar-emaztea elkarrekin egon direnik eta Liu Xiak, 49 urtekoak, ezagutaraziko du dagokionean.
Txinako Demokrazia eta Giza Eskubideen Informazio Zentroa GKEk ere (Hong Kongekoa), familiako iturriak aipatuta, esan duenez, senar-emaztea "leku ezkutu" batean bildu dira; aurreko informazioak baieztatuta.