Mundua -
Lokatz toxikoa
Neurtutako isuri bat egingo dute hondamendia saihesteko, Hungarian
Gobernuak neurri hori planteatu du, izan ere, Ajkako hondakin toxikoen putzuaren hormak, berandu baino lehen, hautsi egingo direla espero dute.
Erredakzioa
Hungariako Gobernuak beste lokatz toxiko isuri batek eragin lezakeen hondamendia saihestu nahi du kontrolpean lokatza isurita.
Ezinegon egun batzuen ostean, Hungariako Gobernua neurtutako isuri bat egitea aztertzen ari da, izan ere, Ajkako hondakin toxikoen putzuaren hormak hautsi egingo direla espero dute.
"Adituen aurreikuspenetan oinarrituta, kaltetutako hormak hautsi egingo direla espero dugu", adierazi du Zoltan Illes Ingurugiroaren Estatu idazkariak.
Illesek zehaztu du ez dagoela jakiterik iparraldeko eta mendebaldeko murruak noiz eroriko diren, baina 15 metroko pitzadura dagoela onartu du.
600 metroko luzera, 25 metroko zabalera eta bost metroko altuera izango duen murrua egiteko 40.000 tona harri eta lur erabiliko dituzte, eta lokatz toxikoaren isuria desbideratu eta dagoeneko kutsatuta dauden lurretara eramateko gai izango dela espero dute.
Gobernuak berretsi du, hala ere, "balizko beste isuri batek" ez lukeela aurrekoaren indarra izango, "mantsoago mugituko litzateke, lehorra dago eta". Ingurugiro idazkariak esan zuen putzuan geratzen den lokatz toxikoa askoz ere lodiagoa dela isuri zena baino, gainean zegoen geruza likidoa baitzen galdu zena.
Era berean, Illesek argi adierazi nahi izan du "jendeak ez duela inolako arriskurik".