Mundua -
Kanaria Handira heldu direnean
'Genozidio' baten lekuko izan direla adierazi dute ekintzaileek
Gobernuaren eta NBEren "premiazko esku-hartzea" eskatu dute Isabel Terrazak eta Antonio Velzaquezek. Senatuko talde guztiek, PSOE kenduta, Marokoren erasoa gaitzetsi dute.
Erredakzioa
Isabel Terraza Kataluniako ekintzaileak eta Antonio Velzaquez aktibista mexikarrak Aaiunen "genozidio" baten lekuko izan direla esan dute, Kanaria Handiko aireportura heldu direnean, arratsaldean. Marokok Saharatik kanporatu ditu Saharar Erresistentziako elkartearen kide izateagatik.
Ordu erdi berandu heldu da hegaldia eta bi ekintzaileak Antena 3ko kazetariekin batera heldu dira aireportura. Espainiako Gobernuaren eta NBEko Segurtasun Kontseiluaren "premiazko esku-hartzea" eskatu dute bi aktibistek komunikabideen aurrean.
Marokoren esku, saharar herriaren "genozidioaren" lekuko izan direla esan du Antonio Velazquezek. Marokok Aaiuneko kanpoaldean zegoen kanpamentua indarkeriaz desegin zuela salatu du Mexikoko ekintzaileak.
Saharako hiriburu administratiboan izaten ari diren gertakariei egindako jarraipena eskertu diete komunikabideei ekintzaileek, izan ere, Espainiako eta Mexikoko Gobernuek "abandonatu" dituztela salatu dute.
Ezkutaturik
Etxe batean ezkutaturik zenbait egun eman dituztela azaldu dute bi ekintzaileek. Terrazaren arabera, "genozidio honen lekuko izatea oso gogorra izan da". "Espainiako Gobernuak azaldutako axolagabetasunak atsekabea eta amorrua eragin" diola erantsi du Terrazak.
"Garrasi" eta "hasperen ugari" entzun zituen gaua bere bizitzako luzeena izan zela azaldu du Terrazak. Ate bat nola kolpatzen zuten entzun zuen, pertsona bat ateratzeko. "Beldurgarria izan zen", beraien bila ari zirela pentsatu zutelako, Terrazak azaldu duenez.
Trinidad Jimenez Atzerri ministroak "bizitza duina" eta eskubideak errespetatzea eskatzen zuen kanpamentuaren aurkako erasoa ez gaitzestea ulertzen ez duela adierazi du Terrazak.
Senatuaren gaitzespena
Bestalde, Marokok giza eskubideak urratu dituela gaitzetsi dute Senatuko talde parlamentario guztiek, PSOE kenduta. Alderdiak Bucharaya Beyin Fronte Polisarioko ordezkariarekin bildu dira, baina PSOE ez da batzar horretan izan.
Jose Carracao PSOEko eta Josep Maria de Puig PSCko senataria Fronte Polisarioko ordezkariarekin bildu dira, baina ondoren prentsaurrekoan ez agertzea erabaki dute, Maroko gaitzestea saihestuz.