Mundua -
2014rako aurrikusia
Militarrak berehala joateko eskatu dute talibanek, NATOri erantzunda
Gaineratu dutenez, "ez lukete egun bat ere itxaron behar atzera egiteko" eta "inbaditzaileek" ezin izan dute inolako gobernurik ezarri Afganistanen eta "ez dira gauza izango etorkizunean ere egiteko".
Erredakzioa
Afganistango talibanen mugimenduak atzerriko tropak berehala irten daitezen eskatu du, gatazka konpontze aldera, NATOk Lisboan asteburuan hartutako neurriei ere erantzunda.
"NATOk 2014ean tropak Afganistanetik ateratzen hasteko hartutako erabakia zentzugabekeria da. Ez lukete egun bat ere itxaron behar atzera egiteko", bost puntuko ohar baten bidez zabaldu dutenez.
"Azkeneko bederatzi urteotan, inbaditzaileek ezin izan dute inolako gobernurik ezarri Kabulen eta ez dira gauza izango etorkizunean ere egiteko", matxinoen arabera.
Nazioarteko agintari nagusiek tropak pixkanaka ateratzeko asmoaren inguruan, talibanek esan dute ez dutela "itxarongo atzera egiteko egutegirik", eta inguruko herrialdeei "neurri zorrotzak" hartzeko eskatu diete, Afganistanentzat etorkizun hobe bat ziurtatzeko.
Aurten babesa emateko joan diren tropak kontuan hartuta, atzerriko 150.000 militar inguru daude, horietatik heren bat estatubatuarrak dira.