Mundua -
HEGO KOREA
24 urteko kartzela zigorra Hego Koreako presidente ohiari, ustelkeriagatik
Epaimahaiak frogatutzat jo du Park Geun-hyek eta haren lagun Choi Soon-silek mesede sarea sortu zutela enpresa handiei estortsioa egiteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Seuleko epaimahai batek 24 urteko kartzela zigorra ezarri dio Park Geun-hye Hego Koreako presidente ohiari, Rasputina izeneko ustelkeria sarea izan zuen parte-hartzeagatik. Gainera, 18.000 milioi woneko (13,7 milioi euro) isuna ordaindu beharko du. Ustelkeria kasu hori dela eta, kargugabetu egin zuten 2017ko urtarrilean.
Fiskalak 30 urteko kartzelaldia eta 118.500 milioi woneko (90 milioi euro) isuna eskatu zuen berarentzat.
Epaiaren irakurketa zuzenean eman dute telebistan, ia bi orduz. Epaimahaiak frogatutzat jo du presidente ohi kontserbadoreak eta bere lagun Choi Soon-silek (Rasputina gisa ezaguna dena) mesede sare bat sortu zutela Samsung, Hyunday edota Lotte bezalako enpresa handiei estortsioa egiteko.
Leporatzen zitzaizkion 18 karguetatik 16tan errudun jo du epaimahaiak, tartean, botere-abusua, eroskeria edo hertsapena.
Park Geun-hye behin-behineko espetxealdian dago 2017ko martxoaz geroztik, eta demokrazia garaian Hego Korean kargutik kendu duten lehen estatuburua da. Ondorioz, hauteskundeak aurreratu behar zituzten eta Moon-Jae-in liberalak lortu zuen iaz garaipena.
Informazio gehiago, laster