Mundua -

Txostena

NBEko kasko urdinek sartu zuten kolera Haitin, txosten baten arabera

Txosten baten arabera, koleraren birusaren jatorria Nepalgo kasko urdinek kanpalekua jarri zuten herrian dago. Haitiko azpiegiturak eta gainerako baldintzek birusa zabaltzen lagundu zuten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Elkarteko kasko urdinek sartu dute Haitin kolera, Gobernuak mediku frantsesei eskatutako ikerketaren arabera. Izan ere, Nepalgo armadako Kasko Urdinek sartu zutela baieztatu dute.

Txostenaren arabera, koleraren birusaren jatorria Nepalgo kasko urdinek kanpalekua jarri zuten herrian dago. Haitiko azpiegiturak eta gainerako baldintzek birusa zabaltzen lagundu zuten.

Kolera izurritearen lehenengo kasuak urriaren 15ean agertu ziren Haiti erdialdean, Mirebale inguruan, eta egun batzuetan milaka zabaldu ziren.

Epidemiologo frantses batek egin berri duen txostenak dio, kolera anduia, zepa, Asiatik etorria dela eta infekzio fokua Nepalgo kasko urdinen kanpamenduan kokatu du, Artibonite ibaiaren alboan.

Antza denez, Nazio Batuetako soldaduen ur beltzek herritarrek ura hartzen duten ibaian amaitzen zuten. Horrek azalduko luke gaixotasunaren birulentzia. 2.000 lagun baino gehiago hil dira, eta 90.000 baino gehiago gaixotu.

Haitiko herritarrek kalean salatu zuten kasko urdinen ardura eta liskarrak izan ziren hainbat tokitan.

Nazio Batuen misioak baina, behin eta berriz esan du Nepalgo kasko urdinen kanpalekuan egindako ikerketek emaitza negatiboa eman dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea