Mundua -
Palestina-Israel gatazka
Palestinarrek grebara jo dute, Gazako sarraskia gaitzesteko
Israelgo Armadak bi palestinar hil eta beste lau atxilotu ditu Gazako mugan izan diren protestatan. Atzo 60 lagun hil zituen.
Agentziak | Erredakzioa
Israelgo Armadak bi palestinar hil eta beste lau atxilo hartu ditu, Gazako Zerrendan, duela 70 urte Israel sortu zela eta horrek palestinarrentzat ekarri zuen hondamendia salatzeko protestetan.
EFE berri-agentziaren arabera, gaurko mobilizazioak ez dira atzokoak bezain jendetsuak izan. Atzo 40.000 manifestari inguru bildu ziren Gazako mugan, eta Israelgo Armadak 60 pertsona hil zituen, tartean sei haur. Zauritutako palestinarrak, berriz, 2.700 baino gehiago izan ziren.
Gaur, grebara jo dute palestinarrek, Mahmud Abbas presidenteak deituta, atzo Gazan izandako sarraskia gaitzesteko.
Gazan, Zisjordanian —baita Ekialdeko Jerusalemen ere— egin dute lanuztea. Saltokoak, ikastetxeak, unibertsitateak, haurtzaindegiak eta instituzio publikoak itxita egon dira, dolua adierazteko eta Nakba eguna gogoratzeko. Orain dela 70 urte, Israelgo Estatuaren sorrerarekin bat, herri palestinarraren erbestea eta deserrotzea hasi zela salatzen dute.
"Dendak itxita daude, eta funtzionarioak, sektore pribatuko langileak eta ikasleak etxean geratu dira", esan du Maan agentziak.
Israelgo arabiarrak ere grebara deituta egon dira.
Israelgo Justizia ministroa Ayelet Shakedek irrati militarrean esan duenez, Gaza lasai legoke Hamaseko erregimena erortzean, "Zerrendaren kontrola hartu duen erakunde terrorista baita".
Israelgoa Armadak Gazan zein Zisjordanian dituen unitateak hedatu ditu, eta unitate berezietako eta inteligentzia indarretako soldadu kopurua handitu du.
Astelehenean, gainera, AEBek enbaxada ireki zuen Jerusalemen, nazioartean zegoen adostasuna apurtuz hiriaren estatusaren inguruan —Israel eta Palestinaren arteko bake elkarrizketetan erabaki behar dela dio nazioarteak—.