Mundua -
Amesbury
Bi britainiar egoera kritikoan, Novichok gasarekin pozoituta
Sergei Skripal espioi ohiaren eta bere alabaren aurkako erasoan erabilitako gas bera litzateke, Scotland Yarden arabera. Terrorismoaren aurkako taldeko 100 bat agente ikertzen ari dira gertatutakoa.
agentziak | erredakzioa
Scotland Yardek baieztatu du Amesburyn (Salisburytik gertu) zauritu ziren bi pertsona Novichok Sergei Skripal espioi ohiaren eta bere alabaren aurkako erasoan erabilitako gasarekin pozoitu direla.
Wiltshire konderriko Poliziak azaldu duenez, 40 bat urteko gizonezko bat eta emakumezko bat egoera kritikoan daude larunbatetik. Egun horretan konorterik gabe topatu zituzten Amesburyn, "substantzia ez ezagun" batekin kontaktuan egon eta gero.
Neil Basu komisariordearen esanetan, biak "egoera kritikoan" daude eta, momentuz, "ez du beste inork sintoma horiek izan".
"Ikertzaileen taldeko lehentasuna da zehaztea nola egon ziren kontaktuan gasarekin", esan du. Gainera, azaldu duenez, terrorismoaren aurkako 100 agente baino gehiago parte hartzen ari dira ikerketan.
Horren ildotik, adierazi duenaren arabera, ezin izan da frogatu "Sergei eta Yulia Skripal hiltzen saiatu ziren lekuetan egon direnik", ez gizona, ezta emakumea ere.
Basuk erantsi duenez, Scotland Yardek ezin du Skripalen aurka erabilitako gasa jatorri bera ote duen baieztatu, baina onartu du bi ikerketak lotuta egoteko aukera badagoela, "ikerketaren ildo garbia da".