Mundua -
Etxe Zuriaren ikerketa
BPk egindako murrizketek eragin zuten Mexikoko Golkoko isurketa
AEBek egindako ikerketaren arabera, petrolioa inolako arrisku barik ateratzeko beharrezkoak diren segurtasun neurriak ez ziren ezarri. Ezbeharrean 11 behargin hil ziren.
Erredakzioa
BP petrolio konpainia britainiarrak eta hari lotutako beste enpresa batzuek gastuak murriztu zituzten eta horrek eragin zuen joan den apirilaren 20an Mexikoko Golkoan izan zen petrolio isuria. Hala dio Etxe Zuriaren ikerketa-batzorde batek egindako txostenak. AEBetan inoiz izan den hondamendi ekologikorik handiena izan zen eta istripuan 11 langile hil ziren.
Ikerketa horren arabera, Macondoko petrolioa ustiatzeaz arduratzen ziren enpresek ez zuten inolako neurririk hartu petrolioa segurtasunez ateratzea bermatzeko.
"BPk, Halliburtonek eta Transoceanek gastuak eta denbora murrizteko hartutako erabakiek arriskua areagotu zuten", azpimarratzen du txostenak. Ikerketak dioenak ez du balio inor zigortzeko, ezta politika berriak ezartzeko ere. Alabaina, bertan idatzitakoak balizko prozesu judizial baten erabil daitezke.
Aipatzekoa da Etxe Zuriak egindako txosten honek ez duela zerikusirik azaroan burutu zutenarekin, izan ere, orduan ez zuten murrizketen inguruan ezer esan. Nolanahi ere, handik gutxira ikerketa-batzordeak BPk, Halliburtonek eta Transoceanek hartutako erabakiekin zerrenda bat igorri zuen komunikabideetara.
Datorren astean ezagutaraziko dituzte txostenaren xehetasun guztiak, baina Mexikoko Golkoko isuria eragin zuen istripua kasu bakan bat ez dela nabarmendu dute jada.
"Sakonean dauden arrazoiak sistematikoak dira, hala nola, jarduteko moduaren erreforma eza eta Gobernuaren politika desegokiak". Amaitzeko, ezbeharra errepikatu daitekeela ohartarazi dute.