Mundua -

Venezuela

Madurok 'Kolonbian antolatutako talde bati' leporatu dio atentatua egiten saiatzea

Ikerketan laguntzeko eta atentatuaren ustezko erantzuleak estraditatzeko eskatu die Venezuelako presidenteak AEBko eta Kolonbiako gobernuei.

Maduro, atentatuari buruzko ikerketaren berri ematen, telebistan eta irratian / EFE.
Maduro, atentatuari buruzko ikerketaren berri ematen, telebistan eta irratian / EFE.
Ustezko errudunak estreditatzeko eskatu die Madurok AEB eta Kolonbiari

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak hainbat pertsonari (tartean bi aurkariri) leporatu die larunbatean bere kontra atentatua egiten saiatzea, eta ikerketarekin laguntzeko eta ustezko egileak estraditatzeko eskatu die Kolonbiako eta Ameriketako Estatu Batuetako gobernuei.

Juan Requesens diputatua "zuzeneko egiletzat" jo du Madurok, eta "zoroenetarikoa eta psikopatenetarikoa" dela esan du.

Bere alderdiak emandako informazioaren arabera, Requesens etxean atxilotu dute Inteligentzia Zerbitzu Bolibartarreko agenteek.

Julio Borges Asanblea Nazionaleko presidente ohia aipatutako izenen artean dago. Maduroren arabera, "Bogotako etxe batean bizi da, Kolonbiako aurreko gobernuak babestuta".

Diosdado Cabello Asanblea Nazional Konstituziogilearen presidenteak esan duenez, parlamentu horretan "magnizidioa egiten saiatu diren diputatuei immunitate parlamentarioa kentzea" eztabaidatuko dute.

Zenbait bideo aurkeztu ditu atentatuaren froga gisa, eta zenbait pertsona lortu ditu atentatu saiakerarekin, eta horien izen-abizenak eman ditu.

Venezuelako presidenteak Yilber Alverto Escalonaren eta Gregorio Jose Yaguasen argazkiak erakutsi zituen. Biek hartu zuten parte atentatuan, Maduroren esanetan, eta herritarrei horiek harrapatzen laguntzeko eskatu die.

Oswaldo Valentin Garcia militar ohiari "hiltzaileen nagusia" izatea leporatu dio Madurok. Horren arabera, kargua utzi berri duen "Juan Manuel Santosen gobernuarekin zuzenean lan egiten zuen".

Mauricio Jimenez Pinzon Migrazio alorreko ofiziala ere aipatu du presidenteak. Parte-hartzaileek Venezuela eta Kolonbiaren arteko muga igarotzea bermatzen omen zuen.

Izen gehiago ere eman ditu: Rayder Alexander Russo Marquez, Pico, "Kolonbiak babesten du", eta Osman Alexis Delgado, "Ameriketako Estatu Batuetan bizi den finantzatzailea". Venezuelako gotorleku baten kontrako erasoan parte hartu zuten biek 2017ko abuztuan, horren hitzetan.

"Zuzeneko erantzule eta konplizeengana eramaten gaituzten froga guztiak Ameriketako Estatu Batuetako eta Kolonbiako gobernuei zehatz-mehatz azaltzea nahi dut. Atentatu terrorista hau finantzatu, zuzendu eta egin zuten eta Floridan eta Kolonbian bizi diren erantzule guztien estradizioa eska dezagun", esan du.

Maduroren arabera, Juan Manuel Santos, Kolonbiako aurreko presidentea, atentatuan nahasita dago.

Atentatuaren "zuzeneko egile guztiak" identifikatu dituela esan du Venezuelako Fiskaltzak, aste honetan.

Venezuelako presidenteak azaldu duenez, inplikatuetako batzuk agerian harrapatu zituzten, beste batzuek plan hau burutzeko etxebizitza bat alokatu zuten Caracasen, eta guztiek hartu zuten parte 2014 eta 2017 artean Gobernuaren aurka egindako protestetan.

"Ziur naiz zigorrik gogorrena jasoko dutela. Denak dira talde guarinberoen (biolentoen) parte, Venezuelako eskuinaren erakunde politikoen parte", adierazi du Madurok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Venezuela Nicolás Maduro