Mundua -
Italia
Aholkulari batzuek 2017an ohartarazi zuten Genovako zubia narriatuta zegoela
Bitartean, Matteo Salvini Barne ministroak polemika sortu du; izan ere, afari batera joan zen zubia behera etorri zen egunaren gauean.
Agentziak | Erredakzioa
Atlantia nagusia duen Autostrade per l’Italia emakidadun italiarrak kontratatutako hainbat aholkularik 2017ko azaroan ohartarazi zioten enpresari Genovan asteartean behera eroritako zubia narriatuta zegoela; gutxienez, 38 lagun hil ziren ezbeharrean.
Italiako hainbat komunikabidek eman dute jakitera zer dioen Carmelo Gentile eta Antonello Ruoccolo Milango Institutu Unibertsitario Politeknikoko irakasleen txostenak; Autostradek kontratatu zituen biak, xede izanik beroriek aldizkako aholkularitza ematea zubiaren egoeraren gainean. 2017ko azaroko txosten horren arabera, zubiaren material batzuek narriadura pairatzen zuten; hala nola, kableen oxidazioa. Konpainiari gomendatzen zion ebaluazioa egitea, arazo horiei heltzeko.
2017ko urrian, aldiz, Autostraderen Genovako zuzendari Stefano Mariglianik ondorengoa esan zien hiriko Udaleko eta Liguria eskualdeko agintariei: une hartan, zubibideak ez zuela "inolako egiturazko arazorik". Zubiaren aldameneko eraikin habitagarri batzuetako bizilagunek, baina, helarazita zieten tokiko agintariei kezkatuta zeudela, azpiegituraren egoeragatik.
Mariglianik, orduan, bermatu zuen Autostrade hainbat mantentze-lan ari zela egiten, eta aurreikusita zituela bi esku-hartze estruktural, 2018rako, azpiegitura indartzea xede; zubia ez zen itxi, eta konpainiak programatutako esku-hartzeak egiteari ekin zion. Horretarako, 20 milioi euro erabiltzeko asmoa zuen.
Salvini festa batera joan zen zubia behera erorita, eta Italia oso haserre dago
Bestalde, Italiako Barne ministro Matteo Salvini ultraeskuindarra afari batera joan zen abuztuaren 14an, alegia, zubia behera erori zen egunaren gauean, alderdikide batzuekin, Ligako beste kideekin hain zuzen ere. Horrek haserre handia eragin du herrialdean.
Mesina hirian antolatutako festa bat izan zen, Sizilian, eta 260 lagun zeuden bertan; arraina afaldu zuten, eta ardoa erabiliz egin zuten topa, hainbat alderdikidek sare sozialetan erakutsi dutenez. Postrerako, tarta handia dastatu zuten, eta bertan hauxe irakurri ahal zen: "Taldeak irabazten du".
Gau horretan bertan, bitartean, mila bat langile, tartean hainbat suhiltzaile, polizia-agente, eta larrialdi-taldeetako eta osasun-arretako taldeetako kide lanean zeuden, Morandi zubiko hondakinak kentzeko asmoz.
Salviniren jokabidea gogor salatu dute oposizioaren zenbait kidek, bai eta milaka herritarrek, sare sozialetan.
Matteo Orfini Alderdi Demokrataren presidenteak (centro-ezkerrekoa da alderdi hori) esan duenez, "Salviniren irudi horiek, festa batean zegoela, Genovan ordu oso latzak zeuden unean, herrialdearen minarentzako zaplaztekoa da".
Salvinik, bere aldetik, esan du polemika hori "ezkerraren erasoen eraginez" sortu dela.
Bost pertsona desagertuta jarraitzen dute
Bost pertsona desagertuta jarraitzen dute Genovan, joan den asteartean zubi bateko zati bat behera erori zenetik. Italiako agintariek 38 pertsona hil direla baieztatu dute. Gainera, 15 zauritu daude, horietatik 9, larri daude.
Desagertuen kopurua zehaztea ez da erraza izan, orain arte agintariek ez zekitelako zenbat pertsona zeharkatu zuten asteartean behera etorri zen zubia.