Mundua -

AEB

Florence urakanak bost hildako utzi ditu Ipar Carolinan

Emakume bat eta haren semea hil dira Wilmingtonen, zuhaitz bat etxebizitzaren gainean erorita. Beste emakume bat hil da Hampsteaden, bihotzekoak jota.

Florence
Florence
Florence indartsu sartu da Ipar Karolinan, 140 km/h-ko haize boladekin

1:53

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume bat eta haren semea hil dira gaur Wilmingtonen, zuhaitz bat etxebizitzaren gainean erorita. Beste emakume bat hil da Hampsteaden, bihotzekoak jota, Florence urakanaren ondorioz. Bi hiri horiek Ipar Carolinan (AEB) daude.

Wilmingtoneko Udaltzaingoak Twitter sare sozialetan jakitera eman duenez, emakume bat eta haren semetxoa hil dira zuhaitz bat etxe gainean erorita. Gainera, aita ospitalera eraman behar izan dute. Florencek Wilmingtonetik gertu lurra ukitu du.

Bestalde, Tom Collins Pender konderriko Larrialdi Arloko zuzendariak zehaztu duenez, emakume bat bihotzekoak jota hil da. Antza denez, talde medikoa ezin izan da garaiz iritsi, bidean erorita aurkitu dituen zuhaitzek oztopatuta.

Laugarren hildakoa 78 urteko adineko bat da. Leonoir konderrian, argindar sorgailu bati entxufe bat konektatzen ari zen, Roy Cooper Ipar Carolinako gobernadorearen bulegoak agiri batean jakitera eman duenez.

Bertako komunikabideek azaldu dutenez, konderri berean 77 urteko beste gizon bat hilik agertu da goizean, Kinstoneko etxebizitza batean.

Bere ehiza txakurrak onik ote ziren egiaztatzera atera denean, haize bortitzak lurrera bota duela uste dute bertako agintariek, CBS 17 telebistak jakitera eman duenez.

Uholdeak

Florence 1 kategoriako urakana Ameriketako Estatu Batuetako hego-ekialdeko kostaldea astintzen ari da gaur, 150 kilometro orduko haize-ufadekin. Ibaiek gainezka egin dute, urakanak uholdeak eragin ditu eta urak harrapatutako ehunka pertsona erreskatatu behar izan dituzte.

Florencek lurra Wrightsville Beachen (Ipar Carolina) ukitu du, Urakanen Zentro Nazionalak (NHC) buletin berezian jakitera eman duenez.

Nahiz eta espero baino indar gutxiagorekin heldu, duela bi egun 4 kategoriako urakana baitzen eta 225 kilometro orduko ufadak sortzen zituen, arriskua ur gezako zein gaziko uholdeek sortuko dute bereziki.

Uholde “katastrofikoek” datozen orduetan okerrera egitea espero da, itsasgorekin batera. Hirietako itsasbazterrak urak hartu ditu dagoeneko.

Horrela, New Bern (Ipar Carolina) ondorioak pairatzen ari da. Ehunka pertsona erreskatatu behar izan dituzte bertako agintariek Guardia Nazionalaren laguntzarekin.

Era berean, Belhavengo (Ipar Carolina) herritarrak euren etxeetako teilatuetara igo behar izan dira. Pungo ibaiak gainezka egin du euri-jasengatik, eta ura etxebizitzetako leihoetara arte heldu da.

Teilatua, behera

CNNk bertako arduradunak aipatuz jakitera eman duenez, 60 pertsona baino gehiago Jacksovilleko (Ipar Carolina) hotel batetik atera behar izan dituzte, teilatuaren zati bat behera etorri ondoren.

Ostiral honetara arte 1.300 hegaldi baino gehiago bertan behera utzi behar izan dituzte AEBko ekialdean. Hamar bat aireportu itxita daude. Florencen ufadek zuhaitz ugari bota dituzte. Bakarrik Ipar Carolinan 450.000 bezero baino gehiago argindarrik gabe geratu dira.

Itsasgorarekin egoerak okerrera egin dezake. Marea ziklonikoarekin itsasgorak 3,3 metroko altuera harrapatu dezake hego-ekialdeko kostaldean.

Beste arazo bat zikloiaren abiadura motela da, NHCk azaldu duenez; izan ere, mendebaldera apenas 9 kilometro orduko abiaduran mugitzen ari da.

Florencek 130 kilometro orduko ufadak ditu urakanaren begian. Ameriketako Estatu Batuetan sartzen den heinean ahultzea espero da. Horrela, larunbat honetan ekaitz tropikala bihurtuko da, eta igandean depresio tropikala, Appalache mendien aurka talka egiten duenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguraldia Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Urakanak Hondamendi naturalek kaltetutakoak