Mundua -
Gerra Sirian
Siriako Idleb probintzian gune desmilitarizatua eraikiko dute Errusiak eta Turkiak
Errusiako Gobernuaren esanetan, akordio horri esker ez da lurralde horren kontrako eraso militarrik izango. Siriako oposizioaren azken gotorlekua da Idleb.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Vladimir Putinek eta Recep Tayyip Erdoganek hala adostuta, gune desmilitarizatu bat eraikiko dute Siriako Idleb probinitzian.
"Siriako Gobernuaren tropak eta oposizioaren Armada banatzeko asmoz, 15-20 kilometroko gune desmilitarizatu bat eraikiko dugu urriaren 15erako", adierazi du Errusiako presidenteak Turkiako agintariarekin batera Sotxin egin duen agerraldian.
Ildo horretan, Serguei Shoigu Defentsa ministro errusiarrak zehaztu du akordio horri esker bertan behera geratu dela Idleb probintziaren aurka eraso militarra egiteko plana. Siriako matxinoen azken gotorlekua da Idleb.
Putinek eta Erdoganek egindako itunak Siriako Gobernuaren oniritzia dauka. Akordioaren arabera, gune desmilitarizatu hori Errusiako eta Turkiako militarrek zainduko dute eta datorren urriaren 15erako egongo da indarrean. Horrenbestez, urriaren 10ean hasiko dira armamentua handik ateratzen.
Siriako oposizioa 2011n matxinatu zen, Turkiaren laguntzarekin. Matxinoek kontrolatzen duen azken lurraldea da Idleb eta azken asteotan probintzia horren kontrako erasoaldia egiteko asmoa adierazi du Siriako Gobernuak.