Mundua -

Khashoggi auzia

Saudi Arabiako funtzionario bat Khashoggiren arropak jantzita atera zen kontsulatutik

Hildako kazetaria Istanbulgo kontsulatutik atera zela frogatu nahi izan zuen horrela Saudi Arabiak. Donald Trumpek onartu du ez dagoela gustura saudiarabiarrek emandako azalpenekin.

Jamal Khashoggi. Artxiboko argazkia: EFE
Jamal Khashoggi
Saudi Arabiako kontraesanak, Jamal Khashoggiren hilketaren inguruan

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Funtzionario saudiarabiar bat Jamal Khashoggiren arropak jantzita atera zen Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatutik, kazetari estatubatuarrek zabaldutako irudien arabera. Saudi Arabia kazetariaren desagerpena eta hilketa ezkutatzen saiatu zen horrela.

CNN telebista-kateak zabaldutako irudietan, gizon bat ikus daiteke Khashoggiren arropak jantzita kontsulatutik irteten. Ustez, Khashoggi hiltzeko ardura izan zuen 15 pertsonako segurtasun taldeko kideetako bat da irudietan ikusten dena.

Arropaz harago, eta aurrez aurreko plano batean argi ikusi daitekeenez, eraikinetik ateratzen dena ez da The Washington Post egunkariko kazetaria.

Kontsulatuaren kanpoaldean dauden segurtasun kameretako irudiak dira.

 

 

CNN hedabidearen arabera, irudietan ikusten den gizona Mustafa al-Madani da, ustez Saudi Arabiatik bi hegazkinetan Istanbulera joan zen 15 pertsonako talde bateko kideetako bat. Desagertu zen egun berean sartu zen Khashoggi kontsulatura, gaineratu duenez.

Turkiako hedabideen esanetan, Mohamed bin Salman printze saudiarabiarraren gertuko agenteek hil zuten Khashoggi urriaren 2an.

Bestalde, Donald Trump presidente estatubatuarrak astelehen honetan esan du ez dagoela gustura saudiarabiarrek emandako azalpenekin. Halere, ez ditu Riaden inbertsioak galdu nahi. Saudi Arabiako agintariek larunbatean iragarritakoaren arabera, kontsulatuaren barruan izandako borroka batean hil zen kazetaria. Kazetaria kontsulatutik urriaren 2an irten zela adierazi dute aurretik, behin eta berriro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Kazetariak albisteak Erailketak albisteak Saudi Arabia