Mundua -
Ikerketa
Khashoggiren heriotza hilketa 'planifikatu' bat izan zela adierazi du Erdoganek
Hilketarekin zerikusia dutelakoan, Saudi Arabian atxilotu dituzten 18 pertsonak Turkian epaitzea eskatu du bertako presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Jamal Khashoggi kazetariaren “hilketa basatia planifikatu” zutela esan du gaur Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak. Istanbulen, Saudi Arabiaren kontsuletxean gertatutakoa argituko dutela agindu du Erdoganek. Inplikatu guztiak Turkian epaitzea proposatu du buruzagiak.
“Jamal Khashoggi kazetariaren hilketa aldez aurretik pentsatu zuten”, adierazi du Erdoganek Parlamentuan, Ankaran. “Operazioa ez zen kasualitatez gertatu, argi dago, plangintza baten emaitza izan zen. Zentzu horretan, zantzu sendoak ditugu”, azpimarratu du.
Turkiako polizien ikerketak aurrera jarraitzen duela gogorarazi du agintariak. Hilketarekin zerikusia dutelakoan, Saudi Arabian atxilotu dituzten 18 herritarrak Turkian epaitzea eskatu du Erdoganek. “Pertsona horiek Istanbulen epaitzeko dei egiten diot Salman erregeari”, adierazi du.
“Hilketa kontsuletxean gertatu omen zen, ofizialki Saudi Arabiako lurraldea da, baina gure herrialdean dago. Immunitate diplomatikoarekin estaltzea ezinezkoa da”, azaldu du.
Erdoganek baieztatu duenez, Khashoggi ez zen kontsuletxetik atera, eta hiriaren ipar-mendebaldeko baso batean eta Yalova probintzian ikertzen ari dira.
Ikerketaren moteltasuna kritikatu du Turkiako buruzagiak, Riaden baimenak berandu heltzen direlako. Turkiako poliziek Saudi Arabiaren baimenak behar dituzte kontsuletxean sartzeko, egoitzak immunitate diplomatikoa duelako.
Gainera, kazetariaren gorpua non dagoen jakitera emateko eskatu die Saudi Arabiako agintariei. Era berean, krimenaren aginduak nork eman zituen jakinaraztea eskatu du Erdoganek.
Turkiako Poliziak ordenagailu bat, objektu pertsonalak eta agiriak aurkitu ditu ibilgailu diplomatiko batean. Ibilgailua astelehenean topatu zuten, Istanbuleko aparkaleku batean.
Bestalde, Salman bin Abdelaziz Saudi Arabiako erregeak eta Mohamed bin Salman printzeak Jamal Khashoggi kazetariaren senitartekoak hartu dituzte gaur, “doluminak emateko”, SPA albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez.
Saudi Arabiak kazetariaren heriotzaren inguruan emandako azalpenak “galdera asko erantzunik gabe” uzten dituela esan du G7 taldeak, baina heriotzan baieztatzea “lehen pauso” bat dela onartu du.