Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Gutxienez hamabi pertsona hil dira Kalifornian, taberna batean izandako tiroketan

Ian David Long erasotzaileak, marine ohiak, bere buruaz beste egin du. Halaber, gutxienez beste 25 pertsona zauritu dira.

Kaliforniako Thousand Oaks hirian gertatu da tiroketa. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia.
Kaliforniako Thousand Oaks hirian gertatu da tiroketa
Hamabi hildako, Kaliforniako taberna batean izandako tiroketan

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tiroketa batek 12 hildako utzi ditu Thousand Oakseko (Kalifornia, AEB) taberna batean, Los Angelesetik 55 bat kilometro ipar-mendebaldera. Ian David Long erasotzaileak bere buruaz beste egin du, eta hildakoen artean polizia bat dago. Gainera, beste 25 pertsona zauritu ditu.

Tiroketa bertan 23:15 zirenean gertatu da Borderline Bar and Grill izeneko tabernan. Hain zuzen ere, countryari eskainitako unibertsitateko ikasleen jai bat ospatzen ari ziren bertan. Lekukoek NBC telebista katearen bertako filialari kontatu diotenez, gizon armatu bat sartu da tabernan eta bereizi gabe tiroka hasi da. Hogei tirotik gora egin omen ditu.

Poliziaren esanetan, tiroketa gertatu den unean ehunka pertsona zeuden barruan. Bestalde, Poliziak ez du xehetasun gehiagorik eman, ez ustezko tirogilearen identitateari buruz eta ezta hark izan zitzakeen arrazoiei buruz ere.

Thousand Oaks hiria Los Angeles erdigunetik 60 kilometro ipar-ekialdera dago, Calabasas eta Malibutik ez oso urrun.

Erasotzaileak ke-bonbak erabili dituela ziurtatu dute lekuko batzuek.

25 zaurituetatik, 23 arin zauritu dira, eta ospitaletara oinez joan dira. Bitartean, beste bi pertsona anbulantzian eraman dituzte, Venturako suhiltzaileek zehaztu dutenez.

Hildakoen artean, Ron Helus konderriko sheriffaren bigarrena dago. Antza denez, aurreneko larrialdi deiari erantzun dio, eta bertaratu da. Helusek 29 urte zeramatzan Polizian, eta erretiroa laster hartzeko asmoa zuen.

Gutxi geroago, erasotzaileak bere buruaz beste egin du, Poliziak aurre egin ondoren. Long marine ohi bat zen, eta baliteke trauma osteko estresa izatea. 45 kalibreko Glock pistola bat erabili du erasoan.

Arma legalki erosi zuen, baina bala gehiago jaurtitzeko dispositibo bat gehitu zion.

Erasotzaileari aurre egiteko, Poliziaren “ausardia handia” eta azkartasuna goraipatu ditu Donald Trump AEBko presidenteak Twitter sare sozialean.

Parklandeko (Florida) tragediatik tiroketa gertatu zenetik larriena izan da gaurkoa, AEBetan. Duela bederatzi hilabete ikasle ohi batek 17 pertsona hil zituen Stoneman Douglas bigarren hezkuntzako zentroan.

Gainera, Pittsburgheko (Pennsylvania) sinagoga batean 11 hildako utzi zituen beste tiroketa batek duela bi aste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak albisteak Albisteak Gaur Albisteak