Mundua -

Erreforma Batzordea, martxan

Konstituzioa aldatzeko epaile bat izendatu du Egiptoko Armadak

Aldaketa konstituzionalak proposatuko dituen Armadaren Kontseilu Gorenak Tarek al Bishri izango du presidente. El Baradei oposizioko buruak, berriz, uko egin dio hauteskundeetarako hautagaia izateari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiptoko Armadaren Kontseilu Gorenak Tarek al Bishri epaile ohia izendatu du herrialdeko erreformak abiatuko dituen Batzorde Konstituzionala zuzentzeko. Al Bishri independentea da eta Egiptoko epaileen babesa du.

Kontseilu Gorenaren arabera, erakunde horrek aldaketak eta erreformak proposatuko ditu, baina proposamen horiek egiptoarrek berretsi beharko dituzte, euren botoekin. Ekintzaile batzuen aburuz, baliteke galdeketa hori bi hilabete barru egitea.

Manifestariek egin zituzten eskarien artean presidenteen agintaldi kopurua mugatzea dago. Mubarakek seina urteko bost agintaldi egin zituen Egiptoko Gobernua zuzentzen.

El Baradei ez da hautagaia izango

Mohamed El Baradei oposizioko liderrak hauteskundeetan presidentziarako hautagaia izateari uko egin dio, bere iritzian, hurrengo presidenteak 40 eta 50 urte arteko adina izan beharko bailuke "Egiptoko garai berritzaileari kementsu egiteko aurre". Al Jazeera katean egin dituen adierazpenen arabera, honakoa izango du orain helburu nagusi: "diktaduraren zapalkuntzatik Estatu zibilizatu eta demokratiko batera igarotzen laguntzea".

Mubaraken osasunari buruzko zurrumurruak

Sameh Shoukry Egiptok AEBetan duen enbaxadorearen hitzetan, Hosni Mubarak gaixorik dago beharbada. "Baliteke osasunez makal egotea", adierazi du NBCn, baina haren osasun egoeraren inguruan ez duela inolako komunikatu ofizialik jaso gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea