Mundua -
Ikerketa
Estrasburgoko erasoaren ustezko egilea ez zen sare bateko kide, Gobernuaren arabera
Ikerketaren lehenengo ondorioek erakusten dutenez, alde egin zuenean ez zuen inoren laguntzarik izan. "Ez zen sare bateko kide", azaldu du Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estrasburgoko Gabonetako merkatuan izandako erasoaren ustezko egilea hil eta ordu batzuk geroago, ikerketaren lehenengo ondorioek erakutsi dute Cherif Chekatt ez zela sare bateko kide eta ez zuela, alde egiteko orduan, inoren laguntzarik izan.
"Ez zen sare bateko kide", azaldu du gaur Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak "Europe 1" irrati katean egin dioten elkarrizketan. Castanerrek gaineratu du ihes egin zuenean ez zuelako inolako babesik eduki.
Bestalde, Estrasburgoko Neudorf auzoan ustezko erasotzailea tirokatu zuten hiru poliziek ez zutela "halabeharrez" aurkitu argitu du Castanerrek, nahiz eta zenbait iturrik horixe adierazi duten. "Inguru horretan egindako lanari esker aurkitu dute", zehaztu du.
"Lehenengo unetik ibili ziren ustezko erasotzailearen auzoa arakatzen, eta uste dugu ez zela handik atera erasoa egin eta gero", argitu du. Hiru lagun hil eta beste 13 zauritu zituen Gabonetako merkatuan egindako erasoan.
Xehetasunik eman gabe, ministroak adierazi du Neudorfetik iritsitako informazio bati esker hasi zuela poliziak auzoko horretako operazioa. Helikoptero bat eta hainbat patruila ibili ziren handik bueltaka, 21:00ak aldera (20:00ak GMT) Chekattekin gurutzatu zirenera arte.
Hasiera batean, terroristak tiro egin omen zien, eta, "defendatzeko asmoz", poliziek hil egin zuten.
Prentsak emandako informazioaren arabera, emakume batek ustezko erasotzailearen antza zeukan gizonezko bat ikusi zuen, eta Poliziari jakinarazi zion. Dirudienez, besoa zaurituta zeukan.