Mundua -

Lau epaiketa zain

Berlusconi: '33 neska gehiegi dira, 30 urteko mutil batentzat ere'

Milango Auzitegiak jakitera eman duenez, Il Cavaliereren aurkako prozesuekin 33 gazte daude erlazionatuta. Italiako lehen ministroari botere-abusua eta adingabeak prostituitzea egotzi diote.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Silvio Berlusconi lehen ministro italiarrak adierazi duenez, "33 neska gehiegi dira, baita 30 urteko mutil batentzako ere". Milango Auzitegiak zabaldu duenez, Berlusconiren aurkako prozesu judizialetan 33 gazte inplikatuta daude. Lehen ministroari botere-abusuaren delitua eta ustez adingabeak prostituitzea egotzi diote.

"La Reppublica" egunkarian egindako elkarrizketan, salaketa guztiak atzera bota ditu Berlusconik. Horren aburuz, etxean egin ohi zituen jaiak "afari dotoreak" baino ez ziren. Lehen ministroaren arabera, jaietara gonbidatzen zituzten gazteak "dantza egiten zuten", baina "eurak bakarrik; izan ere, niri ez zait inoiz dantza egitea gustatu".

"Gazte hauek", gaineratu du Berlusconik, "ezin dute lan egin ezta desfilatu ere", Milango Fiskaltzaren ikerketak direla medio. "Publikoki defendatuko ditut", eman du jakitera lehen ministro italiarrak. Hala ere, bere esanetan, "ez da erraza izango, zaila baita lau epaiketei eta lehen ministroaren karguari aldi berean aurre egitea".

Il Cavaliereren hitzetan, gazte horiek "ez dute kobratu", eta oso haserre agertu da, izan ere, bere esanetan, "beste herri batzuetan ezin dira telefono-entzuketak aireratu; Italian bakarrik egin daitezke horrelako basakeriak". Milango Fiskaltzak agintariaren jaietan parte hartzen zuten neska gazteen telefono-elkarrizketak grabatu zituen, eta horietan oinarritu da fiskala lehen ministroaren kontrako frogak biltzeko. Horregatik egin ditu Berlusconik adierazpen horiek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea