Mundua -
Gerra zibila Libian
Aliatuek ez dituzte gelditu Gadafiren erasoak
- Diktadorearen tropak Misrata herriari erasotzen ari dira, tankeak eta misilak erabiliz.
- AEBetako F-15 hegazkin bat erori egin da, baina antza denez akats mekaniko bat dela medio.
Erredakzioa
Muamar al Gadafi Libiako diktadorearen tropek eraso egiten jarraitzen dute gaur Misratan, hots, herrialdeko hirugarren herri garrantzitsuenean (Tripolitik 210 kilometrora), Sadon el Mehmeraty matxinoek herri horretan duen bozeramaileak jakinarazi duenez.
Bozeramailearen hitzetan, erasoa etengabea izaten ari da, eta tankeak eta misilak erabiltzen ari dira.
Astelehenean, egoera "oso larria" zela esan zuten matxinoek, argindarrik, urik eta erregairik ez dagoelako herrian.
F-15 bat erori egin da
Bestalde, AEBetako Armadako F-15 hegazkin bat erori egin da bart herrialdean, matxinoen esku dagoen eremuan.
Bi tripulanteak arin zauritu dira. Izan ere, hegazkinak lurra jo baino lehen jauzi egin dute, Nicole Dalrymple AEBetako Armadak Afrikan duen bozeramaileak jakinarazi duenez.
Aldez aurretik, beste eledun batek esan zuen bi tripulanteetako bat oraindik ez zutela erreskatatu, eta gertatutakoa akats mekaniko baten ondorioz izan dela, hau da, ez dutela etsaiek eraitsi.
Albistea Daily Telegraph egunkariak aurreratu du. Kazetaren esanetan, hegazkina Bengasitik gertu erori da.
Rob Crilly berriemaile bereziak azaldu duenez, baliteke pilotuak larrialdiko lurreratzea egin behar izana, akats mekaniko bat izan ostean.
Hagak zazpi gerra-krimen atzeman ditu
Nazioarteko Zigor Auzitegiak gerra-krimen delituak atzeman ditu Libiako iraultza demokratikoan. Oraingoz, gutxienez zazpi balizko kasu atzeman ditu, hain zuzen ere, Luis Moreno Ocampo fiskalburuak azaldu duenez. Poliziak manifestarien aurka egindako tiroketa kasuak dira guztiak.
BBC katearen Radio 4 irratian eskainitako elkarrizketan, Moreno Ocampok zehaztu du frogak biltzen ari direla une honetan, eta maiatzaren 4an NBEko Segurtasun Kontseiluari igorriko diotela informazioa, epaileengana jo baino lehen.
Fiskalburu argentinarra ustezko gerra-krimenak eta gizateriaren aurkako delituak aztertzen ari da, otsailean NBEko Segurtasun Kontseiluak auzia haren esku utzi eta gero.
"Batik bat, [iraultzaren] lehen hamabi egunak oinarri hartuta ari gara frogak batzen, manifestazioak armarik ez zuten manifestariek egin baitzituzten. Tirokatu egin zituztela baieztatzen ari gara", gaineratu du.
Horrenbestez, nortzuek egin zuten tiro eta nork agindu zuen argitzea dute orain helburu. "Gutxienez zazpi kasu ikertzen ari gara", azaldu du Moreno Ocampok.
Fiskalak hainbat pertsona deitu ditu deklaratzera, tartean Muamar Gadafi Libiako diktadorea, haren semeetako batzuk eta Erregimenaren beste hainbat goi-kargudun.