Mundua -

Operazio militarra Libian

Indar Aliatuek berriro eraso egin diote Libiari

- Debekupeko aire-eremua Tripoliraino zabalduko dute indar aliatuek.

- Cameron: "Libiako defentsa sistemak deuseztatu ditugu".

- Gadafirekin negoziatuko ez dutela ziurtatu dute Libiako matxinoek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tripoli hiriburuan leherketa bat izan da eta artilleriaren tiroak entzun dituzte lekukoek jarraian.

Tripoliko defentsa baterien tiroak entzun dituzte berriz gauean, Al Yazira telebistak hiriburutik zuzenean jakinarazi duenez.

Zentzu horretan, Tripolin zenbait leherketa izan direla jakinarazi du Libiako telebistak, eta "arerio gurutzatuak" eraso egin dituela salatu du.

Hala ere, "erasoek Libiako herria beldurtuko ez" dutela ohartarazi du Libiako telebistak, Reuters albiste-agentziak azaldu duenez.

CNN AEBetako telebistak bi eztandaren berri eman eta Gadafiren jauregian izan direla erantsi du.

Balantzea

Libiako Gobernuaren tropak Bengasira hurbiltzea saihestu dute indar aliatuen erasoek. Orain Tripoli hiribururaino zabalduko dute debekupeko aire-eremua.

Carter Ham jeneralak prentsaurrekoan azaldu duenez, operazioak hasi direnetik "Libiako hegazkin militarren ekintzarik ez da izan".

AEBetako eta Britainia Handiko indarrek 12 erasoaldi egin dituzte Tomahawk misilekin, eta Frantziako, Espainiako eta Italiako ontzi militarrak "legez kanpo armak Libiara heltzea edo Libiatik ateratzea saihesteko kostaldea zaintzen ari dira", gaineratu du.

"Gadafiren tropak Bengasira hurbiltzea ekidin dugu, eta hiri horren inguruko lurreko indarrek operazioak berriz hasteko gaitasun gutxi dute", Hamen arabera.

Bengasi hartzen duen debekupeko aire-eremua "orain hegoaldera eta mendebaldera hedatu eta laster Tripoliraino helduko da, hau da, 1.000 kilometroko zerrenda bat hartuko du".

Sttutgart (Alemania) hirian emandako prentsaurrekoan, helburua Libiako buruzagia aurkitzea denik ukatu du berriro Hamek. Indar aliatuek "ez dute pertsona hori bilatzen, hori ez da nik dudan misioa", nabarmendu du.

Libiako Kontseilu Nazionalak

"Diktadoreak desgaste guda batetara eraman gaitu", adierazi du Abed al Hafeez Ghoga matxionoen bozeramaileak Bengasin emandako prentsaurrekoan.

"Horregatik, berarekin negoziatzeari uko egiten diogu. Negoziatu baino lehen bere bukaera ikusiko dugu", esan du bozeramaileak. "Gadafi gerrako kriminala nazioarteak bilatzen du", azpimarratu du bozeramaileak. "Bere herriaren kontra egindako ekintza genozidengatik epaituko dute", erantsi du.

Cameron

Nazioarteko koalizioak Libiako defentsa sistemak "deuseztatu" dituela esan du David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak. Era berean, debekupeko aire-eremua dagoeneko errealitate bat dela adierazi du.

Misioaren helburuak lortzeko aurrerapausoak eman dituztela azaldu du Cameronek: Libiako defentsa sistemak deuseztatzea eta Gadafiren tropek egindako erasoengatik zibilak babestea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea