Mundua -
HERBEHEREAK
Utrechteko tranbia geltokian izandako tiroketaren ustezko egilea atxilotu dute
Eraso terrorista izan daiteke, baina Poliziak arrazoi pertsonalengatik egin izana ez du baztertzen.
agentziak | erredakzioa
Utrechteko (Herbehereak) tranbia geltoki batean gertatutako tiroketaren ustezko egilea atxilotu dute, Holandako agintariek prentsaurrekoan iragarri dutenez. Erasoak gutxienez hiru hildako eta bost zauritu utzi ditu.
Atxilotua 37 urteko Gokmen Tanis da. Jatorri turkiarreko gizonak ihes egin du, Utrechteko tranbia geltoki batean 10:45 aldera tiro egin ondoren.
“Mobil terrorista kontuan dugu, baina beste arrazoi batzuk ezin ditugu baztertu”, adierazi du Fiskaltzako bozeramaileak, NOS Herbeheretako telebistak jakitera eman duenez.
“Krimena harreman pertsonalen baitan izan daiteke”, esan du Bernard Jens Poliziaren bozeramaileak ordu batzuk lehenago.
NOS hedabidearen arabera, ustezko erasotzaileak duela bi aste deklaratu zuen epailearen aurrean, bortxaketa kasu batekin zerikusia zuelakoan.
Lekukoen arabera, gizonezko bat tiroka hasi da kale erdian, Urriaren 24a plazan dagoen tranbia-geltokitik gertu, oinezkoen aurka.
Ordu batzuk lehenago, atxilotuak ihes egiteko erabili duen ibilgailua, motorra martxan zuela, aurkitu duten lekutik oso hurbil atzeman du Poliziak susmagarria.
Azken urteetan aurrekari penal ugari pilatu ditu Tanisek: lapurretak indarkeriarekin, polizien aurkako erasoak eta sexu-jazarpena kalean, iturri judizial batek baieztatu duenez.
“Ohorezko krimen” bat izatea beste hipotesi bat da; izan ere, atxilotuak biktimetako batekin ustez harremana zuen.
Bigarren atxilotu bat
Azken orduetan Utrechteko zenbait etxebizitzatan egindako sarekadetan bigarren susmagarri bat atxilotu dutela iragarri dute agintariek. Era berean, Poliziak Tanisen anaia eraman du galdekatzeko, baina bigarren atxilotua ote den ez dute baieztatu.
NOS Herbeheretako telebistak aipatu dituen lekukoen arabera, tiroketaren egileak emakume bati eraso egin zion, eta hura defendatzen saiatu zirenen aurka ere egin zuen.
NOS bertako telebistak jakinarazi duenez, 2017an bortxaketagatik salatu zuen emakume batek Tanis. Tratu txarrak ere egotzi zizkion biktimak. Hilketa saiakera, lapurreta indarkeriarekin eta mozkor gidatzeagatik, besteak beste, aurrekariak ditu.
Bestalde, Anatolia Turkiako albiste-agentziak Tanisen familiako iturriak aipatuz ziurtatu duenez, susmagarriak senide baten aurka tiro egin du arrazoi familiarrengatik.
Tanis atxilotu ondoren, terrorismoaren aurkako alerta maila laura itzultzea erabaki du NCTVk, eta normaltasunera bueltatu daitezkeela esan die Utrechteko bizilagunei.
Asteartean bandera nazionalak haga erdian jarriko dituzte eraikin ofizialetan.