Mundua -
Amerikako Konkista
Espainiako eskuinak eta Gobernuak Mexikoko presidentearen eskakizuna gaitzetsi dute
Podemosek, bestalde, Lopez Obradorren ekimena txalotu du. Espainiako erregeari Amerikako inbasioan egindako "ankerkeriengatik" barkamena eskatzeko galdatu dio Mexikoko presidenteak.
Agencias | Redacción
PP, Ciudadanos eta Voxek Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentearen gutuna errefusatu dute, Espainiako Gobernuak egin zuen bezala. Espainiako erregeari Amerikako konkistaren abusuengatik barkamena eskatzeko galdegin zion Lopez Obradorrek. Podemosek, bestalde, Mexikoko iniziatibaren alde egin du.
PPko Kongresurako hautagai Adolfo Suarez Illanak uste duenez, Espainia "oso harro sentitu daiteke Amerikan egindakoagatik", ez beste herrialde batzuek bezala beren kolonietan; esaterako, "Belgikan Kongon edo ingelesak Estatu Batuetan". "Gaur egungo Estatu Batuetako indigenak bila ditzatela; ez dira existitzen", gehitu du.
Suarezek onartu du "akats batzuk egin zirena, gaur egungo begiekin ikusita desberdinak liratekeenak", baina horrek ezin du ekarri "nazio oso batek orain dela 500 urte gertatutako zerbaitengatik barkamena eskatu behar izatea".
Gainera, esan duenez, "apur bat probokatzailea izanda", Espainiak eskerrak ematea eskatu ahalko luke "herrialde horietan egin ziren gauza askorengatik", "unibertsitateak eta eskolak sortu zirelako" eta "lan erraldoia egin zelako".
"Erroreekin, bai, baina uste dut emaitza fantastikoa dela eta, orokorrean, Hispanoamerika osoak eta Espainiak anaitasun loturak eta mantendu behar den harreman ona gordetzen dutela", esan du.
Senaturako hautagai Rafael Hernandok zera gehitu du: "Gizon honi gogoratu behar zaio espainiarrak bertara joan ginela eta krudeltasunez eta ankerkeriaz bizilagunak hiltzen zituzten tribuen boterearekin bukatu genuela".
Horrela, "lur hori konkistatu eta zibilizatu zen". "Zerbait ikas dezala", gehitu du.
Ciudadanoseko presidente Albert Riverak, bestalde, gutuna "irain onartezina da espainiar herriarentzat", eta ohartarazi du "hori egiten duela populismoak": "historia faltsutu eta liskarra bilatu". Esan duenez, bere alderdiak gobernatzen duenean, "batasuna eta Espainiaren eta Latinoamerikako nazio anaien arteko lankidetza" zuzenduko du.
Voxeko presidente Santiago Abascalen ustez, Lopez Obradorren gaitza "sozialismo indigenista" da, eta "ez du ulertzen Espainiari ordainak eskatuta Mexiko iraintzen ari dela".
Podemosek begi onez ikusten du barkamena eskatzea
Podemoseko bozeramaile laguntzaile Ione Belarrak Mexikoko adierazpena babestu du: "Lopez Obrador Mexikoko duineko presidentea da. Arrazoi osoa dauka Erregeari 'Konkista'ko abusuengatik barkamena eskatzeko aginduta".
Esan duenez, "Podemosek gobernatzen badu, biktimak erreparatuko dituen oroimen demokratikoa eta kolonialaren berreskurapen prozesu bat egongo da".