Mundua -
Desertzioa
Britainia Handiak ez dio Musa Kusari inmunitaterik eskainiko
Libiako Atzerri ministroa "toki seguru batean" dagoela azaldu du Willian Hague Britainia Handiko diplomaziaren buruzagiak. Eskoziako fiskaltzak Kusa galdekatu nahi du Lockerbieko atentatuagatik.
Erredakzioa
Musa Kusa Libiako Atzerri ministroa Muamar Gadafiren erregimena utzi eta Londresera heldu zen bart. Kusa "toki seguru batean" dago eta ez diote inmunitaterik emango, William Hague Britainia Handiko Atzerri ministroak jakitera eman duenez.
"Britainia Handiko leku seguru batean aurkitzen da une honetan eta orain aukera ezberdinak eztabaidatzen ari gara berarekin, zer egin erabakitzeko", azaldu du Haguek prentsaurrekoan. Kusa Britainia Handira ihes egin behar zuela orain gutxi enteratu zirela jakitera eman du Haguek. Libiako ministroa Britainia Handiko hegazkin militar batean heldu zen Tunisiatik.
Horrela, Gadafiren inguruan diren politikariei diktadorea bazterrean uzteko eskatu die Haguek, Kusak egin bezala. Britainia Handiko funtzionarioek Kusa galdekatu dutela adierazi du Atzerri ministroak. Kusa Britainia Handian dagoela aprobetxatuz, Eskoziako fiskaltzak Lockerbieko (1988) atentatuagatik galdekatu nahi du.
Epaiketa posibleei aurre egiteko inmunitaterik eskaini ez diotela ziurtatu du Willian Haguek. Hagueren ahotan, Kusaren desertzioak Libiako beste agintari batzuk gauza bera egitera anima ditzake.
"Eskuak odolez zikinduta ditu"
Bestalde, Kusak "eskuak odolez zikinduta" dituela esan du gaur Mustafa Gheriani matxinoen bozeramaileak. Libian gertatutako torturetan eta heriotzetan erantzukizuna du Kusak, eta baita erbestean hildako opositoreen kasuetan ere, Gherianiren hitzetan. Kusaren "desertzioak" Gadafiren erregimenaren ahultasuna agerian utzi du, erantsi du matxinoen bozeramaileak.
Zentzu horretan, Kusaren erabakiak Gadafi koronelaren erregimenean "zatiketa" dagoela demostratu du, Haguek adierazi duenez. Erregimena "presionaturik dago eta pikutara doa", erantsi du.
NATOk hartu du agintea
NATOk Libian egiten ari diren nazioarteko ekintza militar guztien agintea hartu du gaur, Frantziak, Britainia Handiak eta AEBek eskainitako trantsizioa osatu ondoren.
Tripolin 40 hildako utzi zituzten bonbardaketetan nazioarteko koalizioaren hegazkinek erantzukizunik duten argitzeko ikerketa bat abian jarri du NATOk.
Gainera, matxinoei armak ematea arbuiatu du Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak, eta Libiako zibilak babestea helburu dutela argi utzi du.