Mundua -
Hauteskundeak
Zelenski eta Poroshenko aurrez aurre, Ukrainiako hauteskundeen bigarren itzulian
Inkesten arabera, aktore ukraniarrak lortuko luke garaipena. Zelenski Ukrainiako presidente izendatuz gero, ustelkeriaren kontrako neurri zehatzak hartuko dituela azpimarratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Ukrainarrak hautestontzietara daude deituta gaur, igandea. Volodimir Zelenski aktore ukrainarra eta Petro Poroshenko egungo presidentea lehiatuko dira hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian, Ukrainiako presidente izateko. Inkesten arabera, aktore ukraniarrak lortuko luke garaipena.
Martxoaren 31n, Zelenskik aurreikuspenak bete eta botoen % 30,1 lortu zituen (Poroshenkok % 18,5). Alabaina, aktore ukrainarrak ez zuen herrialde horretako presidente izateko babes nahikoa lortu lehen itzulian, eta igande honetan ukrainarrek berriz eman beharko dute botoa.
Adituek diote Poroshenkok ez duela agindutakoa bete. Izan ere, ez du ustelkeriarekin amaitzeko neurri zehatzik hartu. Horrek azalduko luke, hortaz, Zelenskiren arrakasta.
Bigarren itzulian lehiatuko diren bi hautagaiek telebistan egin duten azken eztabaidan, aktore ukraniarrak azpimarratu du “herritar xumea” dela eta orain arte ez dela sekula politikan aritu. Bestalde, Poroshenkok nabarmendu duenez, Zelenski ez litzateke gai izango herrialdearen interesak Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurrean babesteko.
Dena dela, eztabaidak iraun zuen bitartean, Zelenskiren jarraitzaileek garrasi egin zioten egungo presidenteari, eta, besteak beste, “lotsagarria” zela oihukatu zioten, eta alde egiteko eskatu zioten.
Zelenski Ukrainiako presidente izendatuz gero, ustelkeriaren kontrako neurri zehatzak hartuko dituela azpimarratu du. Gauzak horrela, presidenteari, diputatuei eta epaileei immunitatea kentzeko lege bat sortuko duela ziurtatu du. Halaber, Estatuburuarekin harremanik izango ez duen ustelkeriaren kontrako epaitegi bat sortuko duela hitzeman du.
Proshenkok, berriz, Errusiari aurre egiteko orduan Ukrainia hobekien defendatzen duen hautagaitzat du bere burua. Hala ere, bost urte hauetan ez da Donbaseko gatazka konpontzeko gai izan.
Adituen iritziz, egungo presidenteak ez dio ustelkeriari behar bezala aurre egin, eta arreta nagusia herrialdearen interes orokorrean izan ordez, bere irabazietan dauka.
Herrialdean, 30.100 hautesleku inguru prestatuko dituzte, eta 08:00etatik 20:00ak arte izango dute botoa emateko aukera. Aurreikusitakoaren arabera, maiatzaren 1a baino lehen jakinaraziko dute nork irabazi duen hauteskunde presidentzialen bigarren itzulia.