Mundua -
Hauteskundeak
Zelenskik aise irabazi ditu Ukrainiako hauteskunde presidentzialak
Botoen % 80,87 zenbatuta dagoela, aktoreak % 73,09ko babesa jaso du, eta Poroxenko beteranoa kenduko du boteretik (botoen % 24,57 lortu ditu).
AGentziak | Erredakzioa
Volodimir Zelenskik irabazi ditu Ukrainiako hauteskunde presidentzialak. Garaipen zabala lortu du aktore eta umoregileak, botoen % 80,87 zenbatuta dagoela, % 73,09ko babesa izan du eta. Ukrainiako Hauteskunde Batzorde Nagusiak astelehen honetan emandako datuen arabera, Petro Poroxenko presidenteak botoen % 24,57 jaso du. Politikari beteranoak porrota onartu du dagoeneko.
Presidentetza hauteskundeen bigarren itzulia izan zen atzokoan. Datu ofizialen arabera, Lvov (mendebaldea) ez beste eskualde guztietan gailendu da Zelenski.
Parte hartzea % 62,07koa izan da, lehen itzulian baino zortzi hamarren gutxiagokoa. Orduan ere, Zelenski izan zen garaile.
Inkesten emaitzak ezagutu eta berehala, porrota aitortu zuen atzo Ukrainiako presidenteak, baina argi utzi zuen ez zuela politika utziko. "Ukrainiako buruzagi politiko gakoa naizen aldetik, Ukrainiaren mesedetan lanean jarraituko dut eta Europar Batasunean eta NATOn sartzea defendatzen jarraituko dut, baita desentralizazioa, segurtasuna eta ustelkeriaren kontrako erreformak ere", adierazi du.
Poroxenkoren esanetan, eskarmentu politikorik ez duen Zelenskik oposizio gogor bat izango du aurrean. Nabarmendu duenez, "Oposizio gogor bat izango du aurrean, oso gogorra". Dena den, erantsi du botere-aldaketan lagunduko diola.
Zelenskik, bere aldetik, esan du bere "lehentasuna" Donbassen (herrialdearen ekialdean) dagoen gatazkari amaiera ematea dela.
Horrez gain, Minskeko bake akordioetan jasotako prozesua erreformatuko duela eta Errusiarekin eta mendebaldeko herrialdeekin negoziatzeko beste molde bat proposatuko duela hitzeman du.
Telebistako umore saio batean egin da ezagun Zelenski. Nabarmendu duenez, legegintzaldi bakar bat egingo du presidente gisa.