Mundua -
Kazetariekin egindako afarian
Berlusconi ez da 2013an berrautaketara aurkeztuko
Italiako gobernuburuak presidente izateko inolako asmorik ez duela adierazi du. Il Cavalierek Gianni Letta Ministroen Kontseiluko idazkaria proposatu du hautagai gisa.
Erredakzioa
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak asteazken honetan baieztatu duenez, 2013an ez da berriz hautagai izango. Hala ere, boterea utzi aurretik sistema judiziala berritzeko eta Konstituzioa aldatzeko asmoa duela adierazi du.
Asteazkenean atzerriko kazetariekin egindako afari batean iragarri zuen bere asmoa Berlusconik, BBCko kazetari batek zabaldu duenez. Iragan abenduan ere, 2013tik aurrera seguru asko karguan jarraituko ez duela esan zuen lehen ministroak.
Gainera, Italiako gobernuburuak bere burua Presidentetzara aurkezteko asmorik ez duela iragarri zuen. Gianni Letta Ministro Kontseiluko idazkaria proposatu du hautagai gisa.
Berlusconik 74 urte dauzka eta 1994an hartu zuen lehen aldiz lehen ministro kargua. 6.220 milioi euroko balioa dute bere ondasunek guztira; besteak beste, Italiako hiru telebista kate pribatu garrantzitsuenen jabea da.
"Neurrira egindako" lege proiektua
Il Cavalierek ez du zigorrik jaso hainbat iskanbila eta prozesu judizialetan nahasita izan bada ere. Horren harian, aurretik Auzitegien zigorrik jaso ez duten pertsonen kontrako epaiketen iraupena murrizteko lege proiektua onartu du Diputatuen Ganberak asteazken honetan, eta, horri esker, Berlusconik bere kontrako epaiketa batek aurrera ez egitea lortu du; epaiketa horretan, David Mills abokatu britainiarra gezurra esateko erosi izana leporatzen zioten.
Oposizioaren arabera, lege proiektu hori "zoritxarrekoa" da eta Berlusconiren neurrira eginda dago. Proiektua Senatuan eztabaidatu eta bozkatu beharko dute orain, baina Gobernuak gehiengo sendoa du ganbera horretan.
Lehen ministroak, bestalde, epaile ezkertiarren biktima dela dio, eta argudio hori kazetariekin izandako afarian errepikatu zuen.