Mundua -
BONBARDAKETA GAZAN
16 palestinar hil dituzte Israelgo bonbardaketek, 14 hilabeteko haurra tartean
Sarraskia asteburu honetan Gazan. Lau palestinar hil ziren larunbateko bonbardaketetan eta gutxienez 12 igandekoetan. Gainera, hiru israeldar hil dira Gazatik botatako koheteengatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Benetan dramatikoa izaten ari da asteburu hau Gaza-n. Ostiralean, Israelgo bi ofizial zauritu zituzten Gazatik egindako tiroek, eta horren ostean, "Gazako Zerrendaren kontrako eraso masiboak" agindu zituen Benjamin Netanyahu lehen ministroak. Azken bi egunetan 16 palestinar eta 3 israeldar hil dira, gaur ehortzi duten 14 hilabeteko neskatxo palestinarra tartean.
Larunbatean lau palestinar hil ziren bonbardaketetan: Bi miliziar, haurdun zegoen emakume bat eta 14 hilabeteko bere haurra. Gaur Israelek esan du azken horiek ez zirela bere bonbengatik hil, Hamasek botatako koheteengatik baizik, baina erabat ukatu dute horiek erantzukizuna. Gaur izan da biktima horien hileta sentitu eta jendetsua.
Igande honetan berriz, gutxienez 12 palestinar hil dira Israelgo abiazioaren erasoetan: milizietako zazpi kide, bi pertsona Al Bureij errefuxiatu eremuan eta beste bat Rafah-n.
Gainera, familia bateko hiru kide ere hil dituzte Gaza hiri iparraldean egin dituzten bonbardaketetan, haurdun zegoen emakume bat tartean.
Gazako Zerrendatik gertuen dauden Israelgo komunitateetan etengabe ari dira alarma antiaereoak joka, jada 600 kohete baino gehiago bota baitizkiete, eta Gazan bertan 250 "helburu militarren kontrako bonbardaketa etengabeak" ari da egiten Armada.
Gauzak horrela, 2014tik bizi zuten egoera bortitzena bizitzen ari dira hango Osasun zerbitzuen esanetan.
Hamasek su-etena eskatu dio Israeli Gazan, Egiptoko bitartekarien bidez
Israelgo Defentsa iturriek zabaldu dutenez, Gazako Zerrenda kontrolatzen duen Hamas-ek, su-etena eskatu dio Israeli, Egiptoko bitartekarien bidez.
Bitartekari horiek baldintzak negoziatzen arituko lirateke jada eta NBEen ordezkariak ere negoziaketetan murgilduta leudeke.
Informazio hau zabaldu ondoren, hala ere, Israelgo Gobernuak jakinarazi du ofentsibarekin jarraitzeko agindu diela bere Indar Armatuei eta indarkeriak goraka egin dezakeela ohartarazi du.