Mundua -
Iran
Nazioarteko itun nuklearra urratu du lehen aldiz Iranek
Ameriketako Estatu Batuek ezarritako zigorren harira protesta egiteko, akordioak zehazten duena baino uranio gehiago aberastu dute.
EFE
Iranek lehen aldiz urratu du itun nuklearra. Arma atomikorik egingo ez dutela bermatzeko akordioa 2015ean sinatu zuten Alemaniak, Txinak, Frantziak, Erresuma Batuak, Errusiak, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Iranek.
Lau urtez zorrotz bete dute, baina AEBk azkenaldian ezarri dizkion zigorrak direla eta, itunak zehazten duena baino uranio gehiago aberastu duela jakinarazi du gaur Iranek.
Zehazki, 2,2 kilo gehiago aberastu ditu, % 1 gehiago, eta hori ez da kantitate nahikoa arma atomikoak egiteko.
AEBren aldetik jasaten ari den presioaren ondorioz, Iranek hainbat akordio urratuko zituela iragarri zuen, eta gaurkoa lehen urratsa izan da.
Washingtonek ezarritako zigorren aurrean ultimatuma eman zien Iranek itun nuklearra sinatu zuten Europako herrialdeei: konponbide bat bilatu eta isunei aurre egiteko laguntzak eman ezean, ituna urratzen hasiko zela ohartarazi zien.
"Iranek petrolioa saltzen jarraitu ahalko zuela bermatzeko konpromisoa hartu zuten, baina ez zuten hitza bete; garraioa bermatzeko konpromisoa hartu zuten, baina ez zuten hitza bete; gure aktiboak berreskuratuko genituela bermatuko zutela ere esan ziguten, baina hori ere ez dute bete", salatu du Mohamad Yavad Zarif Irango Atzerri ministroak.
Isunen gainetik, Iranek merkataritzan aritzeko neurriak ezarriko zituztela agindu zioten Europako herrialdeek, baina Teheranek uste du ez dutela nahikoa egin, batez ere petrolioaren salmenta bermatzeari dagokionez.