Mundua -
Espazioaren esplorazioa
Espazioaren 'esploraziorako garai berri bat' aurreikusi du Trumpek
Trumpek espazioa miatzeko planak azkartzea agindu zion NASAri 2017ko apirilean. Plan horiek gizakia Martera iristea aurreikusten zuten 2030eko hamarkadan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Amerikako Estatu Batuetako Donald Trump presidenteak "esploraziorako garai berri bat" hasteko eta herrialdearen nagusitasuna eta buruzagitza berrezartzeko konpromisoa hartu du. Ideia hori adierazi du orain dela 50 urte gizakia Ilargira iritsi zen egunean.
Bere gobernuak "hurrengo gizona eta lehen emakumea Ilargira bidaltzeko, eta estatubatuarrak Martera bidaltzeko jarraibideak eman dizkio NASAri", adierazi du Trumpek.
Amerikako estatu Batuek "gizateriaren bilaketa bideratu dute esparru ezezagunera", nabarmendu du presidenteak. Horrez gain, Apolo 11 misioaren lurreratzea AEBen "trebetasun teknikoaren eta buruzagitzaren izugarrizko erakustaldia” izan zela gogorarazi du.
Trumpek espazioa miatzeko planak azkartzea agindu zion NASAri 2017ko apirilean. Plan horiek gizakia Martera iristea aurreikusten dute 2030eko hamarkadan.
Mike Pence presidenteordeak 2024 gizon bat eta emakume bat Ilargira eramatea aurreikusten duen Artemisa misioaz hitz egingo du Cañaveral lurmuturreko (Florida) Kennedy Espazio Zentroan.